Ekonomia -
Ohiko Batzar Orokorra
Laboral Kutxak bere bulego ereduari eutsiko dio
Finantza erakundeak kanal digital berriak 'gehituko' ditu, deus 'kendu gabe'.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Txomin Garcia Laboral Kutxako presidenteak azaldu duenez, finantza erakundeak ez du haren bulego eredua aldatuko eta, gainera, kanal digital berriak "gehituko" ditu deus "kendu gabe". Haren esanetan, bulegoek ekarpena egiten diote erakundeari eta besteengandik bereiztea ere ahalbidetzen die.
Laboral Kutxak asanblea nagusia egin du gaur Bilbon eta bertan onartu ditu 2015eko urteko kontuak.
Erakundeak 110,3 milioi euroko irabazi garbiak izan zituen iaz, aurreko epean baino % 0,9 gehiago. Labora Kutxako presidentea pozik agertu da emaitzekin.
Laboral Kutxaren indarguneak azpimarratu ditu Txomin Garciak; kaudimen maila % 15,12koa izan da, likidezia ratioa % 88,2koa eta berankortasun tasa % 7,4koa, sektorearen mailaren azpitik ( % 10, 2).
Datozen hiru urteetarako plan estrategikoak hiru erronka izango dituela iragarri du: eraginkortasuna, espezializazioa eta bezeroak erakundearekin komunikatzeko erabiltzen dituen kanalen eraginkortasuna ahalbidetzea.
Garai digitalean, kooperatiba izaerari eutsiko diola nabarmendu du Garciak: "digitalizazioari etekina atera behar diogu eta bezeroek aukeratzen duten komunikazio bideei erantzun behar diegu, baina gure berezitasunari uko egin gabe". Horren ildoan, Laboral Kutxak bulegoen eredua ordezkatuko ez duela esan du, "gure berezitasuneko bat direlako". Hori dela eta, estrategia "ezer kendu gabe gaineratzea" izango da, "oinarria aldatu gabe aldatzea".
Txomin Garciaren esanetan, erakundea lehiakorra izateko "gure balioak, profesionaltasuna eta espezializazioa online kanaletan erakutsi behar ditugu".