Ekonomia -
Lan gatazka
Langileek erantzun zabala eman diote Bizkaibuseko lanuzteari
Beharginek elkarretaratzea egin dute Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiko egoitzaren aurrean. Lanuzte gehiago deitu dituzte hilaren 9rako, 16rako, 18rako eta 20rako.
AGENTIAK | ERREDAKZIOA
Deitzaileen arabera, Bizkaibuseko langileek erantzun zabala eman diote goizeko lanuzteari. Zerbitzuaren esleipena duten enpresek lan baldintzak okertzeko “asmoa” dutela salatu nahi dute sindikatuek.
Lehen lanuztea 07:30etik 09:30era egin dute. Ez da istilurik gertatu eta normaltasuna nagusi izan da. Antolatzaileen hitzetan, langileek gutxieneko zerbitzuak (% 30) bete dituzte. Arratsaldean, 18:00etatik 20:00etara, lanuzte gehiago egin dituzte.
10:00ak aldera, Bizkaibuseko beharginek elkarretaratzea egin dute Bizkaiko Foru Aldundiko egoitzaren aurrean, Bilbon, 'Gurea defenda dezagun. Lanpostuak deuseztatzeari ez' lelopean.
"Asmorik ez"
Bere garaian Aldundiarekin adostutako akordioak hitzarmenetan “jasota egon” behar direla azaldu du Juan Carlos Gonzalez CCOOko ordezkariak, baina enpresek “hori egiteko asmorik” ez dutela salatu du. Gonzalezen ahotan, lanpostuak “amortizatu” nahi dituzte. Sindikatuak horren aurka daude, horrek “zerbitzua kaskartzen” duelako.
Hain zuzen ere, UGT, CCOO, ELA, LAB eta USO sindikatuek maiatzeko 4rako, 9rako, 16rako, 18rako eta 20rako deitu dituzte lehen lanuzteak. Bi ordukoak izango dira, bai goizeko txandan, bai arratsalde-gauekoan (07:30etik 09:30era goizean eta 18:00etatik 20:00etara arratsaldean).
Horien ondoren, hiru orduko lanuzteak egingo dituzte hilaren 23tik 26ra (07:00etatik 10:00etara goizean eta 17:30etik 30:30era arratsaldean), eta laukoak maiatzeko azken bi egunetan eta ekaineko lehen 10etan (07:00etatik 11:00etara goizean eta 17:00etatik 21:00etara arratsaldean).
Sindikatuek salatu dutenez, Bizkaibuseko zerbitzuaren esleipena duten enpresak lan-baldintzak okertzen saiatzen ari dira lan hitzarmenen negoziazioetan, eta, halaber, 2013an langileen ordezkariek eta Foru Aldundiak sinatutako akordioa urratzen ari dira.