Ekonomia -
Renove planak
Renove planetako diru-laguntzak aitorpenetik kanpo geldituko dira
Errenta aitorpenetik kanpo geratuko dira Eusko Jaurlaritzaren Renove plan guztietatik herritarrek jaso dituzten diru-laguntzak.
Erredakzioa
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenetik kanpo geratuko dira Eusko Jaurlaritzaren ibilgailuak, altzariak edo leihoak erosteko Renove plan guztietatik herritarrek jaso dituzten diru-laguntzak eta hori legezkoa izan dadin behar diren neurri eta erabakiak martxan dauzkate Jaurlaritzak eta hiru diputazioek.
Eztabaida amaituta eta zalantza argituta eman dituzte Jaurlaritzak eta hiru diputazioek, Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak jakinarazi duenez.
Datorren astean onartuko dituzte hiru diputazioek behar diren dekretuak, jasotako diru-laguntza publikoaren kenketa legezkoa izan dadin.
Eusko Jaurlaritzak Renove planetan betebeharrekoak Gobernuak bete dituela esan du Aguirrek. Ildo horretan, aldundiei egotzi die laguntzen aitorpena egin behar den ala ez ezartzea.
Aldundi bakoitzaren zerga-erregimenaren menpe daude laguntza hauek, Aguirreren hitzetan. Aurreko urteetan antzeko laguntzak eman izan dituzte eta ez dira aitorpenetik kanpo gelditu, sailburuak gogoratu duenez.