Ekonomia -
Hezkuntza
Ikasleak elkartuz lanpostuak aurreztea egotzi dio ELAk Jaurlaritzari
Azken zazpi urteetan Exekutiboak ikasgela bakoitzean ikasle gehiago elkartuz hezkuntzan 3.600 lanpostu baino gehiago “aurreztu” dituela salatu du sindikatu abertzaleak.
Agentziak | Erredakzioa
Zentroetan gertatu den matrikulazioaren gorakadari aurre egiteko, azken zazpi urteetan Eusko Jaurlaritzak ikasgela bakoitzean ikasle gehiago elkartuz hezkuntzan 3.600 lanpostu baino gehiago “aurreztu” dituela salatu du ELA sindikatuak.
Xabier Irastorza sindikatu abertzaleko hezkuntza arduradunak eta Alain Garcia Bizkaiko ELAren Hezkuntza koordinatzaileak prentsaurrekoa eman dute Bilbon, aurrekontuetako murrizketek ikasgeletan izan dituzten ondorioen berri emateko.
2008/09 ikasturtetik 2015/16 ekitaldira matrikulazioak gora egin duela nabarmendu dute. Konkretuki, 40.025 matrikula gehiago (26.062 hezkuntza publikoan eta 13.963 hitzartuan) egin direla zehaztu dute. Ikasleen kopuruak, ostera, ez du hainbeste gora egin, 200 ikasle gehiago baino ez gela bakoitzeko. Hala, ELAren hitzetan, behar baino talde gutxiago sortu dituzte, ikasle gehiago gela bakoitzean elkartuz eta lanpostuak “aurreztuz”.
Gela bakoitzeko ikasleen kopuruak % 10 gora egin du, eta 3.600 lanpostu baino gehiago “aurreztu” dituzte, ELAko datuen arabera. Konkretuki, ikasleen kopuruak 17,44tik 19,62ra gora egin du hezkuntza publikoan, eta 20,73tik 22,78ra itunpeko zentroetan.
Sindikatuaren ahotan, gorakada horren ondorioz, azken zazpi urteetan gutxienez 2.188 gela eta lanpostu galdu dira hezkuntza publikoan, eta 1.439 baino gehiago itunpeko ikastetxeetan.
Europaren itzalean
Hezkuntzan egiten den inbertsio publikoari dagokionez, Euskadi Europar Batasunaren azken tokietan dagoela salatu du Irastorzak, Errumaniaren eta Nafarroaren aurretik soilik. Sailkapena egiteko Eurostat, Eustat eta Eusko Jaurlaritzaren datuak erabili ditu sindikatuak.
Sindikatuko datuen arabera, EBko inbertsioa batezbeste BPGren % 5ekoa da eta Euskadin % 3koa (2013ko datuak). Ondorioz, Europan baino 842 milioi euro gutxiago inbertitzen ditu EAEk.
Hezkuntzaren aurrekontu-sailak izan duen murrizketa kritikatu du sindikatuak. 2016ko aurrekontuetan 2009koan baino 221,7 milioi euro gutxiago direla gogorarazi du.