Ekonomia -

Lan-gatazkak

LABek ELArekin zuen aliantza berreskuratu nahi du 'indarrak batzeko'

Sindikatuak konfrontazio aro berri bat irekitzea du helburu, enpresa barruan eta kanpoan, eta datorren urterako “gatazka mapa bat planifikatu” nahi du.

Ainhoa Etxaide LABen idazkari nagusia. Argazkia: Efe
Ainhoa Etxaide LABen idazkari nagusia.
Ainhoa Etxaide LABen idazkari nagusia. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB sindikatuak konfrontazio aro berri bat irekitzea du helburu, enpresa barruan eta kanpoan, eta datorren urterako "gatazka mapa bat planifikatu" nahi du lantokietan. Horretarako, ELArekin "indarrak batu" nahi ditu.

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak Bilbon emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, maiatzaren 28an Bilbon egingo duten manifestazioan lan prekarietatea salatuko dute.

Egoera "iraultzeko", sindikalistak esan du beharrezkoa dela aliantza osatzea eta "euskal sindikalismoan aro berria irekitzea".

Aliantza "naturala" eta "erabakigarria" ELAren eta LABen artekoa dela azpimarratu du, negoziazio kolektiboaren alorrean desadostasunak izan badituzte ere, LABek sektoreko negoziazioaren alde eta ELAk enpresakoaren alde egin duelako.

Lan erreforma ezarri zutenean negoziazio kolektiboa "lapurtu" zietela-eta, Etxaidek uste du "puntu komuna" horixe izan daitekeela, negoziazio kolektiboa berreskuratzeko "borroka", eta lan-harremanetarako marko propioa sustatzea.

LABek, ordea, ez du akordiorako aukerarik ikusten CCOOrekin eta UGTrekin, eredu eta estrategia desberdinak dituztelako.

Sindikatuak, bere estrategia berriaren baitan, bost kolektibotan antolatuko ditu langileak "prekarietate" egoeraren arabera (sektore feminizatuak, azpikontratak, enpresa txikiak, enpresa handiak eta sektore publikoa), egoera partikularrei aurre egiteko ekintzekin.

Era berean, bost aldarrikapen nagusi jarri ditu: 1.200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lan-astea, laneko osasuna bermatzea, euskaraz lan egiteko eskubidea eta emakumeen berdintasuna bermatzea.

Patronalarekin ireki nahi duen konfrontazio aro berria dela eta, LABek manifestazio nazionala deitu du larunbaterako, Bilbon, eta mobilizazio gehiago egingo dituzte maiatzaren 31n, ekainaren 1ean eta 3an laneko prekarietatea salatzeko.

ELA, indarrak batzeko prestAdolfo Txiki Muñoz ELA sindikatuko idazkari nagusiak berehala erantzun dio Etxaideren proposamenari. Prest agertu da LABekin estrategia bateratu baten aldeko bidea zabaltzeko, bi sindikatuon arteko "diferentziak" gainditzea zail ikusten duen arren. Hitzarmen kolektiboen "estatalizazioa" salatzeko ELAk egingo duen kanpainaren aurkezpenean egin ditu adierazpenok Muñozek, goizean, Bilbon. Bertan esan duenez, bi sindikatuen harteko harremanak ez dira beti onak izan, eta, beraz, harreman horiek bere onera ekartzeko lan asko egin behar dute bi aldeek, "inertziak" alde batera utzita.

ELA sindikatuak iraganeko pitzadurak gainditzeko borondate osoa duela esan du; indarrak batzeak, maila sozialean, sindikalean eta politikoan onurak ekarriko lituzke, ELAko buruaren hitzetan.

"Patxadaz eta lasai",  LABekin elkarrizketa abiatzeko prest agertu da Muñoz, urteetan bi sindikatuon artean sortutako arrakalak konpontzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Langileen Alkartasuna LAB albisteak Lana berriak Gaurko azken ordukoa