Ekonomia -
Txandako lau ordu
Bizkaibusen lanuzteak luzatuko dituzte Durangaldean eta Txorierrin
Ostiralera arte, 07:00etatik 11:00etara eta 17:00etatik 21:00etara egingo dituzte lanuzteak autobusetako langileek.
Agentziak | Erredakzioa
Gaurtik aurrera, txanda bakoitzean lau orduko lanuzteak egingo dituzte Bizkaibuseko beharginek Durangaldean eta Txorierrin, iturri sindikalek gogorarazi dutenez. Azkenaldian hiru orduko lanuzteak egin dituzte txanda bakoitzean.
Hala, ostiralera arte, 07:00etatik 11:00etara eta 17:00etatik 21:00etara egingo dituzte lanuzteak autobusetako langileek.
Akordioa Enkarterrin
Bizkaibuseko grebak Durangaldeko eta Txorierriko eskualdeei eragingo die bakarrik aste honetan, Enkarterrin lanuzteak behin betiko bertan behera utzi ondoren.
Enpresaren eta CCOO eta UGT sindikatuen artean adostutako aurreakordioa erreferendumean onartu dute langileek asteburu honetan.
ELA, ados ez
ELA sindikatua, aldiz, aurreakordio horretatik kanpo geratu zen, “ez duelako juridikoki bermatzen lanpostu guztien amortizazioa ez gertatzea”.
Aurretik, Busturialdean eta Lea-Artibain, eta, ondoren, Ezkerraldean eta Meatzaldean utzi dituzte bertan behera lanuzteak.