Ekonomia -
LAN GATAZKA
CCOOk eta UGTk akordioa lortu dute Bizkaibusen Ezkerraldea-Meatzaldean
Gaur gauean egitekoak diren batzarrrean langileek akordioa ontzat emango balute, lanuzteak bertan behera geratuko lirateke, UGTk jakitera eman duenez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
CCOO eta UGT sindikatuek "ahozko akordioa" itxi dute Bizkaibus Ezkerraldea-Meatzaldea zerbitzua kudeatzen duen enpresarekin. Orain, ahoz hitzartutakoa paperean jaso eta gaur gauerako deituta dagoen langileen batzarrean bozkatu beharko da. Beharginek ontzat emango balute akordioa, lanuzteak bertan behera geratuko lirateke, UGTk jakitera eman duenez.
Bost enpresek ematen dute Bizkaibusen zerbitzua Bizkaian, eta horietako lautako langileak mobilizazioak egiten ari dira, lan-baldintza hobeagoen alde; 2014an izenpetutako akordioak betetzea aldarrikatzen dute.
Enpresa batzordeetako ordezkariak GAM Enkarterri, GAM Txorierri eta Bizkaibus Ezkerraldea-Meatzaldea enpresetako arduradunekin bildu dira, goizean. Azken horretako zuzendaritzak bilerara eraman duen proposamena UGTk eta CCOOk begionez (gehiengoa dute Bizkaibus Ezkerraldea-Meatzaldea enpresako batzordean) ikusi dute, eta "ahozko akordioa" itxi dute, proposamena "positiboa" dela iritzita.
Besteak beste, UGTk aurreratu duenez, hiru urterako hitzarmena adostu dute aldeek; KPIaren araberako igoera ezarriko zaie soldatan langileei, gutxienez % 1eko igoera bermatuta.