Ekonomia -
Lan gatazka
Bizkaibusen greba bertan behera geratu da Busturialdean
BLB enpresako langileek eta zuzendaritzak aurreakordioa lortu dute. Horrek gainerako beharginen "haserrea" ekarri du.
E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS
Hileko bigarren greba-eguna dute gaur Bizkaibuseko langileek. Goizeko eta arratsaldeko txandetan bi orduko lanuzteak egingo dituzte zerbitzuaren esleipena duten enpresek "lan-baldintzak okertzeko asmoa" dutela salatzeko.
Maiatzaren 2an bezala, bidaiari gehien dabiltzan orduetan deitu dituzte lanuzteak, goizez eta arratsaldez, 07:30etik 09:30era eta 18:00etatik 20:00etara egingo baitute greba.
Gutxieneko zerbitzuak % 30ekoak dira. Dena dela, Fernando Rincon LSB-USO sindikatuko ordezkari eta Pesalur SA konpainiako enpresa-batzordeko kideak salatu duenez, gutxieneko zerbitzu horiek ez dira betetzen ari eta enpresa "langileak derrigortzen ari da".
Ezkerraldeko eta Meatzaldeko autobus zerbitzuetan, Txorierrin eta Mungialdean, Enkarterrin, eta Arratian, Ermuan eta Nerbioi-Ibaizabalen PESAk eskaintzen dituen zerbitzuetan izan da greba. Goizeko lanuzteak aparteko arazorik gabe egin dituzte. Grebarekin batera, elkarretaratzea egin dute langileek Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean, eta handik abiatuta, manifestazioa egin dute Garraio Sailaren egoitzaraino.
Busturialdeko greba, bertan behera
Busturialdea Lea Artibai Bus enpresako langileek ez besteek bat egin dute greba deialdiarekin. Busturialdean zerbitzua eskaintzen duen enpresako zuzendaritzak aurreakordioa izenpetu zuen asteartean sindikatuekin. Batzarrean hartu zuten erabakia langileek (% 80k bozkatu zuten konpainiak egindako eskaintzaren alde).
Hain justu, akordio horrekin "haserre" azaldu dira grebari eutsi dioten gainerako lau enpresetako beharginak. Salatu dutenez, itunean jasotakoek "negoziazioan igaro ezin ziren lerro gorri guztiak" gainditu dituzte.
Fernando Rincon Pesalur S.A enpresa-batzordeko kidearen hitzetan, "ondo zehaztu genituen lerro gorri horiek", eta Busturialdeko akordio horrek ez ditu deialdia bertan behera uzteko ezarri genituen "baldintza minimoak" betetzen.
Alvaro Gonzalez LABeko ordezkaria ere iritzi berekoa da. "Sinatu dutena, ez zuten sinatu behar", deitoratu du.
Lanuzte gehiago
Astelehenean ez ezik, beste lau egunetan (maiatzaren 12an, 16an, 18an eta 20an) ere egingo dituzte bi orduko lanuzteak, UGT, CCOO, ELA, LAB eta USO sindikatuek eta enpresa-batzordeek deituta.
Horiek egin ondoren, hiru orduko lanuzteak egingo dituzte hilaren 23tik 26ra (07:00etatik 10:00etara eta 17:30etik 20:30era), eta lau ordukoak maiatzeko azken bi egunetan eta ekaineko lehen hamar egunetan (07:00etatik 11:00etara eta 17:00etatik 21:00etara).