Ekonomia -
Nafarroako Gobernua
Nafarroak aurrekontuaren % 0,6 blokeatu du 'erantzukizunagatik'
Foru Exekutiboak 23 milioi blokeatu ditu; izan ere, diru-sarrerak “ondo doaz”, baina ez dira aurreikusitakoa beste hazi, Ana Ollo Gobernuaren bozeramailearen arabera.
Agentziak | Erredakzioa
Aurrekontuaren % 0,6 (23 milioi) blokeatu du Nafarroako Gobernuak “erantzukizunagatik”. Foru Exekutiboko bozeramailearen hitzetan, diru-sarrerak “ondo doaz”, baina ez dira aurreikusitakoa beste hazi. Gainera, ustekabeko gastuei egin behar diete aurre, horren arabera.
Aurrekontuko 39 sailetako 23 milioi baino gehiago blokeatu dituztela salatu du UPNk. Erregionalisten ustez, diru-sarreren beherakada bat eta kudeaketa txarra daude erabaki horren atzean. Ana Ollo Foru Gobernuko bozeramaileak gezurtatu egin du.
Horrelako erabakiak ohikoak direla azpimarratu ondoren, “duela urtebete eskasera arte Gobernuan izan direnek alarmismo faltsua zabaldu nahi izatea erantzukizun falta da”, kritikatu du Ollok. Hala, UPNren gobernuek ere blokeoak egin dituztela gogorarazi du bozeramaileak.
Aurrekontua “tresna bizia” dela nabarmendu du Ollok. Horren esanetan, Gobernuak kontuan izan behar ditu “testuinguruaren eskaerak”. “Tentuz” ibili behar direla azaldu du; izan ere, diru-sarrerak “ondo doaz, baina ez dira aurrekontu legean aurreikusitakora heltzen”. Ondorioz, abuztura arte itxaron behar dela gaineratu du, “hilabete erabakigarria” delako.
Gastuan “kontuz” jokatu behar dutela errepikatu du Ollok, “partida sozial batzuk desorekatu direlako”, eta “herentzian ustekabeko gastuak” jaso dituztela gaineratu du. Oporrak kobratzen ez zituzten irakasleen sententzia jarri du horren adibide.
Garraio Hiria
Era berean, Garraio Hiriaren epaiaren zain daudela esan du Gobernuaren bozeramaileak. Ebazpena Nafarroako Gobernuaren aurkakoa baldin bada, Foru Exekutiboak ia 50 milioi euro ordaindu beharko ditu.
Ollok honakoa gogorarazi du: 2010ean, 100 milioi euro blokeatu ziren; 2011n, 151 milioi; eta 2012ko irailean, 87 milioi.