Ekonomia -
Messiri epaiketa
Leo Messi errugabe, Fiskaltzaren arabera
Ustezko iruzurra aitak "erabakita" egin zela uste du Fiskaltzak eta urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu du Jorge Horacio Messirentzat.
agentziak | erredakzioa
Raquel Amado fiskalak Leo Messi errugabetu du gaur Bartzelonako futbolariaren eta horren aitaren aurka gaur egin den iruzur epaiketaren azken saioan. Amadoren iritziz, ustezko iruzurra, Jorge Horacio Messi, Leo Messiren aitak "erabakita" egin zen, eta arlo ekonomikoan futbolariaren 'alter ego'a dela uste du.
"Iruzurra aitak erabakita gertatu zen", esan du fiskalak azken txostenaren irakurketan. Hori horrela, ez du erantzukizunik ikusten futbolariarengan eta aitari soilik egotzi dio iruzurra. 2007, 2008 eta 2009 urteetan zehar, Messiren aitak, PFEZren aitorpenetan irudi eskubideen kudeaketagatik lortutako 4,1 milioi euro ezkutatu zituela uste du fiskalak.
Horrela, fiskalak Jorge Horacio Messirentzat urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu du. Estatuaren abokatutzak, aldiz, 22 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du bai aitarentzat bai semearentzat.
"Baliteke hemen ez izatea egon beharko liratekeen guztiak, ez dut hori eztabaidatuko. Ez dira behar diren guztiak izango, baina daudenetatik, Jorge Messi jaunak ezin du bere erantzukizuna baztertu", esan du fiskalak zerga-aholkularien erantzukizunaren harira.
Amadoren esanetan, Belizen lehendabizi, eta Uruguain ondoren izandako sozietateen sareak jokalariaren "errenten opakotasuna bermatzen" zuen Espainian zergarik ez ordaintzeko.