Ekonomia -

Azken proposamena

ACBko plan sozialean bi aldaketa planteatu ditu Arcelorrek orain

Konkretuki, soldata murrizketa ezabatzea eta lan-erregulazioko osagarria mantentzea proposatu du. Astelehenean egindako bileraren akta langileen esku utziko du aste honetan enpresa-batzordeak.

Artxiboko irudia: EFE
Artxiboko irudia: EFE
Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arcelorrekin astelehenean egindako bileraren akta langileen batzarraren esku utziko duela iragarri du ACBko enpresa-batzordeak. Konkretuki, egitasmo sozialeko soldata murrizketa ezabatzea eta lan-erregulazioko osagarria mantentzea proposatu du orain konpainiak.

Arcelorren proposamen industrialari berriro eutsi diote zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak, konpainiak beharginen ordezkarien azken egitasmoa errefusatu ondoren, “bideragarria ez” delako.

Sindikatuetako iturriek jakitera eman dutenez, langileek batzarrean alternatiba berretsi edo arbuiatu beharko dute. Beharginek proposamena atzera botatzen baldin badute, Arcelorrek lantegia ixteko borondatea agertu du, baina langileek planari babesa ematen baldin badiote, planteatutako baldintzetan uztailean berriz zabaltzeko konpromisoa hartu du.

Arcelorrek eta ACBko enpresa-batzordeak bilera egin dute astelehen goizean. Beharginen ordezkariek plan industrial alternatibo bat aurkeztu zuten iragan astean. ACBko eta azpikontratetako langile guztiek 70.000-80.000 tona ekoiztea planteatu zuten.

Konpainiak, aldiz, asteburu batzuetan soilik lan eginda 10.000 tona ekoitzi nahi ditu. Horretarako, langileen kopurua erdira murriztu eta soldata % 15 jaistea proposatu zuen.

Azken bileran, sindikatuen proposamena errefusatu du Arcelorrek, “bideragarritasunik ez duelako”. Bere plan industriala aplikatzea eskatu du berriro. Egitasmo sozialeko soldata murrizketa (% 15) ezabatzea eta lan-erregulazioko osagarria % 65 murriztea baztertu du zuzendaritzak.

Proposatutako aldaketak langileen batzarraren esku utziko ditu enpresa-batzordeak, “ondo edo gaizki deritzon bozkatzeko”, iturri berdinen arabera. Proposamena onartzen baldin badute, lantegia “martxan jartzeko” izapideak hasiko lirateke, bestela, “enpresa itxiko lukete”.

Bozketa, astearte honetan

Astearte honetan langileak asanbladan batu dira enpresak bidalitako azken proposamenen berria eztabaidatzeko. Arcelorrek, azken momentuko aldaketak egin ondoren, enpresa berriro irekitzeko aurkeztu duen plan berria bozkatuko dute langileek.

Enpresak egindako azken aldaketak batez ere plan sozialaren ingurukoak dira, izan ere, soldaten %15eko beherapena bertan behera utzi du, nahiz eta, oraindik, langile kopurua erdira murriztu nahi duen. Modu berean, uztailean enpresa berriro zabaltzeko plan industrial bat aurkeztu du Arcelorrek. Plan honetan 12.000 tona ekoiztu nahi ditu 140 langilerekin.

ELA eta LAB sindikatuek ezezkoa eman diote jada enpresaren plan berriari baina, CC.OOk eta UGTk plan berria langileen asanbladara eroatera konprometitu dira, langileak eurak bozkatu dezaten.

Astearte honetan erabakiko dute Arcelorren plan berria onartzen duten ala ez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao bideoak Azken ordukoa Bizkaia Ekonomia berriak Eguneko albisteak Burdingintza