Ekonomia -
EBAZPENA
TRWko langileen kaleratzea 'ez dator legearekin bat'
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi duenez, enpresak ez zuen kaleratzeak justifikatzeko arrazoi ekonomikorik. Dena dela, kaleratzeak baliogabetzeko eskaria ez du onartu epaileak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
TRWko 123 langileren kaleratzea ez zen legezkoa izan. Hala erabaki du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak. Enpresak ez omen ditu kaleratze horiek egiteko arrazoi ekonomikoak, antolaketakoak eta ekoizpenekoak behar bezala arrazoitu. Baina, aldi berean, epaileak ez ditu kaleratzeak baliogabetu; hau da, epaiak ez du enpresa behartzen kaleratutako langileak berriro hartzera.
Horrela, langile batzordeak aurkeztutako helegitearen zati bat hartu du aintzat epaileak. Ebazpenean zehazten denez, TRWk ez zuen diru-galerarik. Alderantziz, azkeneko bost urteetan irabaziak izan zituen, eta azken urtebean, are gehiago. Beraz, lan-erregulazioko txostenean emandako arrazoi ekonomikoek, antolakuntzakoek eta ekoizpenari lotutakoek ez dute enplegua erregulatzeko erabakia justifikatzen.
Epaileak, halere, atzera bota du kaleratzeak baliogabetzeko eskaria, eta multinazionalak helegitea jar dezake oraindik epaiaren aurrean.
Bideragarritasun arazoak argudiatuta, AEBko multinazionalak 123 langile botatzeko lan-erregulazioko espedientea aurkeztu zuen urtearen hasieran. Izan ere, epaiketan TRWren abokatuak esandakoaren arabera, lantegiak 55,77 milioi euroko galerak izan ditu azken bost urteotan.
Apirilaren 29an 101 langile geratu ziren kalean, eta gainerako 22ak urte amaieran kaleratzeko asmoa du enpresak, espedienteari azkena emateko.