Ekonomia -
Europako erreskate plana
Erreskate planerako ekarpena onartu du Alemaniako Gobernuak
123.000 milioi euro jarriko ditu. Alemaniako iritzi publikoa haserre agertu da erreskate egitasmoarekin.
Erredakzioa
750.000 milioi euroko Europako erreskate planari egin beharreko ekarpena onartu du gaur Alemaniako Gobernuak. Egitasmoa euroguneko Ekonomia ministroek egin dute, Europako Banku Zentralarekin (EBZ) eta Nazioarteko Diru Funsarekin (NDF) elkarlanean.
Angela Merkel Alemaniako kantzelariak 123.000 milioi euro jarri behar zituztela agindu zuen, nahiz eta azken hilabeteetan negoziaketak behar baino gehiago luzatu dituela egotzi. Gobernuko iturrien arabera, Alemaniaren ekarpena % 20 baino handiagoa izan daiteke, Parlamentuko aurrekontu batzordeak horretarako baimena ematen baldin badu. Egitasmoa ekainaren 4an aurkez dezakete Parlamentuaren aurrean, bozeramaile ofizial batek azaldu duenez.
Alemaniako iritzi publikoaren haserrea piztu du erreskate programak, komunikabide kontserbadoreen eta oposizio sozialdemokrataren bidez. Alemania Europako gainerako herrialdeetaz ezin daitekeela fidatu diote, azkenean faktura osoa bere gain hartu behar izango duelako.
Bestalde, zailtasunak dituzten Estatuentzako mekanismoa defendatu du Merkelek, herstura planak prestatzen diren bitartean "denbora irabazteko" balio dezakeelako.