Ekonomia -

Goi-bilera Bruselan

Euroguneak Greziari laguntzeko egitasmoa onartu du

Gainera, Greziaren laguntza behartu duten eraso espekulatiboei aurre egiteko aukera ezberdinak aztertu dituzte agintariek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greziari laguntzeko plana formalki onartu dute gaur euroguneko buruzagiek ezohiko bileran. Egitasmoak 110.000 milioi euroko maileguak aurrikusten ditu, NDFren eta euroguneko Estatuen eskutik. Finantza-merkatuen krisia eztabaidagai nagusia izan da bileran.

Formalki oniritzia eman diote gaur planari euroguneko buruzagiek, iturri diplomatikoen arabera. Egitasmoaren nondik-norakoak iragan asteburuan adostu zituzten.

Euroguneko zenbait herrialdek (Alemania, Espainia, Italia edo Belgika) aste honetan onartu dituzte maileguak, bakoitzak egitasmoari egin beharreko ekarpena, alegia.

Bien bitartean, azken asteetan Greziako krisiak finantza-merkatuetan eragin duen ekaitza baretzeko moduak buruzagien eztabaida luzatu du. Gainera, azken egunetan burtsen ezinegona areagotu egin du Greziako egoerak.

Eraso espekulatiboak geldiarazi

Konkretuki, dagoeneko Greziaren laguntza behartu, beste Estatu batzuen zorra mehatxatzen eta euroa arriskuan jartzen ari diren eraso espekulatiboei aurre egiteko aukera ezberdinak aztertu dituzte agintariek.

Esku-hartzearen ezaugarriak ez dira jakitera eman, baina Europako agintariek izan dituzten aldebiko elkarrizketetan eztabaidatu dituzte, afaltzera joan baino lehen.

Operazio "aldeanitza" izango litzateke eta Europako Banku Zentralak (EBZ) paper garrantzitsua izango luke. Japoniako eta AEBetako bankuek egin bezala, EBZ merkatuak lasaitzeko tresna eraginkorrak izan daiteke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea