Ekonomia -

EBAZPENA

Kontzertu Ekonomikoaren blindatzea bermatu du Konstituzionalak

Hala, euskal lurralde historikoen arau fiskalen kontrako helegiteak Auzitegi Konstituzionalean aurkeztu ahal izango dira bakarrik, eta ez auzitegi arruntetan.

Auzitegi Konstituzionala. EFE.
Auzitegi Konstituzionala. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionalak, gaur, aho batez, onartu duen ebazpenaren arabera, euskal lurralde historikoen arau fiskalen kontrako helegiteak auzitegi horretan bakarrik aurkeztu eta aztertu ahal izango dira, eta ez auzitegi arruntetan. Modu horretan, Kontzertu Ekonomikoaren blindatzea bermatuta geratu da.

Errioxako eta Gaztela eta Leongo gobernuek blindatzearen kontra aurkeztutako helegiteak atzera botata berretsi du Konstituzionalak Kontzertu Ekonomikoari dagozkion arauen babes berezia. EAEko hiru lurraldeetako zerga sistemaren aurka aurkeztutako helegiteak auzitegi arruntetara bideratzea eskatu zuten Errioxako eta Gaztela eta Leongo gobernuek.

Konstituzionalak nabarmendu duenez, lurralde historikoen foru arauek babes berezia behar dute, Espainiako Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriak bermatzen dituelako.

Lurraldeen arau fiskalen blindatzea 2010ean onartu zuen Senatuak, eta Auzitegi Konstituzionalaren, Botere Judizialaren eta Administrazioarekiko auzietarako araudiko lege arautzaileak moldatu egin ziren. Errekurtsoak Konstituzionalean bakarrik aurkeztearen helburua Kontzertu Ekonomikoa ez judizializatzea dela esan zuten. Errioxako eta Gaztela eta Leongo gobernuen iritzian baina, arau hori ez zetorren bat indarrean zegoen kontrol konstituzionalerako ereduarekin.

Konstituzionalak zehaztu duenez, arau fiskak bakarrik ebatziko ditu. Gainerako arauen inguruko helegiteak auzitegi arruntetara bideratzeko aukera izango da.

Eusko Jaurlaritzak ETBri jakinarazi dionez, erabakia aurrerapausoa da, baina txosten juridikoa egitea eskatuko dute, ebazpenaren hainbat puntu argitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kontzertu Ekonomikoa Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Auzitegi Konstituzionala