Politika -
Eztabaida
Jaurlaritzak Kontzertu Ekonomikoaren kontrako kanpaina bat salatu du
Gaia eztabaida "politiko eta elektoraletik" ateratzeko "ahalegina" egitea eskatu du Josu Erkoreka bozeramaileak.
agentziak | erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak salatu du Kontzertu Ekonomikoari "zilegitasuna kentzeko kanpaina antolatu" dutela, eta horren aurrean, gaia eztabaida "politiko eta elektoraletik" ateratzeko "ahalegina" egiteko deia egin du.
Gobernu kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan PSOEtik azkenaldian entzun diren proposamenen inguruan galdetuta, Erkorekak esan du Jaurlaritza "kezkatuta" dagoela batzuek "Kontzertu Ekonomikoa eztabaida politiko eta elektoralaren barruan sartu nahi" dutela ikusita.
Era berean, autonomia erkidegoen arteko "gatazkak berpiztu" nahi dituztela kritikatu du.
"Hauteskunde eztabaidatik atera beharra dagoela iruditzen zaigu", azpimarratu du, eta gaia hurrengo hauteskunde orokorretarako kanpainan ez sartzeko dei egin du.
Jaurlaritzaren bozeramaileak gogorarazi duenez, EAEko Kontzertu Ekonomikoak "oinarri historiko, juridiko eta ekonomikoak" du. Halaber, EAEk "aldebakarreko arriskua" hartzen du horrekin, Espainiako Ogasunak ezin duelako EAEko Ogasuna erreskatatu, egoera ekonomikoak hala eskatuz gero.