Ekonomia -
Defizitaren aurkako plana
De la Vega: "Gobernuak ez du lana erdizka utziko"
Maria Teresa Fernandez de la Vegak PPri aurpegiratu dio susperraldi ekonomikoan "lagundu" beharrean, "beti bezala" hauteskundeetaz arduratuta egotea.
Erredakzioa
Maria Teresa Fernandez de la Vegak Espainiako Gobernuko presidenteordeak esan du Exekutiboaren lehentasuna susperraldi ekonomikorako doitze plana aurrera eramatea dela eta "lana erdizka" utziko ez dutela.
Ministro Kontseiluaren osteko prentsaurrean, Gobernua dagokion lekuan dagoela, hau da, "egoerari aurre egiten" azpimarratu du De la Vegak.
Horrez gain, PPri aurpegiratu dio susperraldi ekonomikoan "lagundu" beharrean, "beti bezala" hauteskundeetaz arduratuta egotea.
Gobernuak bere doitze plana abiatzeko bozka nahikoak lortzen ez baditu behar baino lehenagoko hauteskundeak deituko dituzten galdetu diote eta presidenteordeak esan du alderdi guztiekin harremanetan daudela eta lortuko dituztela ziur agertu da.
Alderdien erantzunkizunean konfiantza duela gaineratu du eta neurriak, Espainiaren egonkortasuna, oraina eta etorkizuna bermatzeko "beharrezkoak eta egokiak" direla errepikatu du.