Ekonomia -

EUROPAKO BATZORDEA

Bruselak ostegunean emango du Espainiako defizitaren inguruko iritzia

Espainiako Gobernuak ez ditu bete Europak ezarritako defizit helburuak. 2.000 milioi eurorainoko isuna ezar diezaioke Europako Batzordeak Espainiari.

Jean Claude Juncker, Europako Batzordeko presidentea. EFE.
Jean Claude Juncker, Europako Batzordeko presidentea. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak Espainiako eta Portugalgo gobernuen defizita izango du mahai gainean eztabaidagai gaurko bileran. Bi herrialdeok iaz ez zituzten bete Europak ezarritako defizit helburuak, eta horren aurrean hartu beharreko neurriak eta ezarriko dituen isunak erabakiko ditu orain EBk.

Estrasburgon egingo duten bileran eztabaidatuko dute gaia, baina ostegunean emango dute hartuko duten erabakiaren berri, EBko iturriek baieztatu dutenez.

Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroek (Ecofin) uztailaren 12an dute hitzordua, eta, ondo bidean, bilera horren aurretik ezagutuko da EBk Espainiako defizitaren inguruan hartuko duen neurria.

Aurrekontu desfaseari aurre egiteko Espainiak "behar besteko erreformak" ez dituela egin, eta, ondorioz, defizit helburuak ez dituela bete uste du EBk, baina hori "baieztatzea" da gaurko bileraren helburua. Defizita Barne Produktu Gordinaren % 4,2ra jaisteko konpromisoa hartu zuen iaz Espainiak, baina % 5eraino jaitsi zuen. Hori dela eta, 2.000 milioi eurorainoko isuna ezar diezaioke Bruselak Espainiako Gobernuari, BPGaren % 0,2.

Oraingoz, Europako iturriek ez dute baieztatu isunaren zenbatekoa. Hala ere, baliteke Ecofinen bileraren gai-ordenan ez sartzea Espainiaren defizitaren inguruko gaia, eta, hori hala balitz, urrira arte atzeratuko litzateke erabakia.

Espainiak "neurri eraginkorrak" ez dituela hartu erabakiz gero, EBk 20 eguneko epea izango luke isunaren zenbatekoa erabakitzeko, eta Ecofinek 10 eguneko epean erabakia atzera botako ez balu, isuna onartuta geratuko litzateke.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak