Ekonomia -
Eustaten datuak
EAEk 8.500 lanpostu neto galdu ditu 2010eko lehen hiruhilekoan
Iazko datuekin alderatuta, enpleguaren beherakada sektore guztietan eman da, baina industrian eta eraikuntzan nabarmenagoa izan da.
Erredakzioa
2010eko urtarrila eta martxoa bitartean, okupatutako langileen tasak % 0,9ko jaitsiera izan du, hau da, 8.500 lanpostu neto galdu dira, Eustatek gaur argitaratutako datuen arabera.
2009ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, beherakada hori handiagoa izan da: % 1,9koa. Beste era batera esanda, 18.594 lanpostu gutxiago izan dira. Oro har, sektore guztietan eman da jaitsiera, baina industrian eta eraikuntza nabarmenagoa izan da.
Barne Produktu Gordinari dagokionez, % 0,1eko hazkundea izan du urteko lehen hiruhilekoan eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Alabaina, urte-arteko datuak aintzat hartuta, % 0,6ko jaitsiera izan du. Lurraldez lurralde, Arabako Barne Produktu Gordinak % 0,4ko hazkundea izan du. Bizkaikoak eta Gipuzkoak, berriz, ez dute hazkunderik izan aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Urte-arteko datuak aintzat hartuta, Gipuzkoak bakarrik izan du hazkunde positiboa; Arabak eta Bizkaiak tasa negatiboak erregistratu dituzte, 2009ko azken hiruhilekokoak baino datu hobeak izan arren. Sektorez sektore, Zerbitzuetan eman da joerarik onena: urte-arteko tasa % 0,7koa da eta hiruhile-artekoa % 0,1ekoa. Eraikuntza sektoreak izan du jaitsierarik handiena, bai urte-arteko datuak kontuan hartuta (- % 6,5) bai aurreko hiruhilekoko datuekin alderatuta (- % 3,7). Industrian ere antzekoa izan da joera eta, arestian esan bezala, 8.500 lanpostu neto galdu dira. Urte-arteko BPG % 1,6 jaitsi da eta hiruhile-artekoa % 0,3.
Lehen sektorean beherakada % 19,5ekoa izan da, 2009ko azken hiruhilekoarekin alderatuta; eta % 4,6koa, 2009ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta.
Kontsumoa
Familien kontsumoari dagokionez, errekuperaziorako zantzuak daude eta bigarren hiruhilekoz jarraian eta bost hiruhilekotan tasa negatiboak izan ostean, kontsumo pribatua % 0,6ko hazkundea izan du, aurreko hiruhilekoarekin konparatuta.
Kontsumo publikoaren kasuan, urte-arteko tasa % 0,5ekoa izan da, baina hiruhile-arteko tasak % 1,8ko jaitsiera izan du, zazpi hiruhilekoz goraka egin eta gero. 2009ko azken hiruhilekoarekin alderatuta, inbertsioa % 1,4 jaitsi da. Beherakada hori % 4,7koa izan da 2009ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta.