Ekonomia -
Bilbo
Basauriko lantegiaren modernizazioa, Sidenorren erronka
Jose Antonio Jainaga kontseilari delegatuak enpresaren egoera eta egitasmoak azaldu ditu Bilbon, Gerdau Brasilgo multinazionalari Espainiako lantegi guztiak erosi ondoren.
Agentziak | Erredakzioa
Hitzarmen kolektiboaren negoziazioa, Reinosako (Kantabria) lantegiarentzako bazkide bat bilatzea eta Basauriko (Bizkaia) fabrikaren modernizazioa Sidenor konpainiaren berehalako erronkak dira. Bizkaiko lantegia eraberritzeko 80 milioi euroko inbertsioa egingo du enpresak.
Jose Antonio Jainaga Sidenorreko kontseilari delegatuak enpresaren egoera eta egitasmoak azaldu ditu Bilbon, Gerdau Brasilgo multinazionalari Espainiako lantegi guztiak erosi ondoren egin duen lehen agerraldi publikoan.
“Bertoko” zazpi zuzendarik erosi dituztela azpimarratu du Jainagak. Zentzu horretan, enpresan jarraituko dutela ziurtatu du; izan ere, akzioak Sidenorreko beste kide batzuei bakarrik sal diezazkiekete, 155 milioi euroren truke, 80 milioiko zorra barne. Gerdaurekin lanean ari ziren Espainiako bankuek operazioari abala eman diotela gogorarazi du agintariak.
Fakturazioaren beherakada
Emaitza gordina hobetzea espero dutela esan du kontseilari delegatuak. 2015ean 20 milioiko emaitza lortu zuen konpainiak. Aurten 25 milioi lortzea espero dute. Hala ere, fakturazioak behera egingo du, 720 milioitik 640ra. 2017an mozkinak berriro lortzea espero dute.
Lanposturik deuseztatuko ez dutela ziurtatu du Jainagak, baina emaitzak datozen hilabeteetan garatuko den negoziazio kolektiboaren “menpe” egongo direla adierazi du.
Bestalde, konpainia Reinosako lantegiarentzako bazkide industrial bat bilatzen ari da, fabrika ez desagertzeko.