Politika -
Instituzioak, pozik
Erkorekak dio Sidenorreko operazioa 'albiste bikaina' dela
Salmenta altzairuaren sektorearen egoera "zaila" izaten ari den unean egin dela gogorarazi du eta sektoreari egonkortasuna emango diola esan du Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak.
Agentziak | Erredakzioak
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak adierazi duenez, Sidenorreko zuzendaritzako hainbat pertsonak (Jose Jainaga kontseilari delegatua buru) konpainia Gerdau talde brasildarrari erosi izana "albiste bikaina" da ikuspuntu ekonomikotik.
Justizia Administrazioaren Auzitegiko Psikologoak Donostian egiten ari diren bileran egin ditu adierazpenok Erkorekak.
Sidenor erosi dutenak Euskadin erreferentziazko eta ibilbide luzeko inbertitzaileak direla iritzi dio Erkorekak. Horri lotuta, sektoreari egonkortasuna ematen lagunduko diola eta "erosketarekin Euskadirekiko konpromisoa" erakutsi dutela gaineratu du Jaurlaritzaren eledunak.
Erosketa
Gerdauk ohar batean zehaztu duenez, operazioa 155 milioi eurokoa izan da, baina baliteke 200 milioira igotzea bost urte barru, negozioaren garapenaren arabera. Talde erosleak Clerbil du izena.
"Altzairuaren industriak mundu osoan dituen erronken aurrean, gure merkatu balioa eta lehiakortasuna handitzea dugu helburu, betiere zorra kontrolatuta izanda", azaldu du Gerdauko buruak, Andre B. Gerdau Johannpeterrek.
Bere aldetik, Jainaga bilbotarrak esan du "ulertu" egiten duela Gerdauren erabakia, eta eskertu egin dio 10 urtean erakutsitako "konpromisoa".
Salmenta akordioa ostiral honetan bertan sinatu dute, eta operazioa uztailerako gauzatzea espero da. Orain, Lehia agintariek aztertu behar dute salmenta.
Konpainiak Sidenor izenarekin egingo du lan berriro, eta eskualdaketa "azkarra" izatea espero du Gerdauk. Izan ere, jabe berriak dagoeneko ari dira konpainian lanean.
Talde brasildarrak esan du ez duela kaleratzeren berririk, eta jasotako gainerako eskaintzek "berregituratze sakonak" zekartzatela zehaztu du.
Gerdauk urrian jarri zuen salgai Sidenor. Harrezkero, euskal enpresa talde bat (Cie Automotive, Aristrain, Tubacex, Gestamp eta Velasco) hura erosten saiatu da, baina talde brasildarrak ez du onartu eskaintza.
Sidenorrek 1.500 langile ditu EAEn dituen sei lantegietan. Gehienak (900) Basaurin daude, eta, gainerakoak, Gasteizen, Legution, Azkoitian, Soraluzen eta Legazpin.