Ekonomia -
Ecofin
EBk espekulazio funtsak gehiago kontrolatzeko araua bideratu du
Espainiaren Presidentetzak hartuko du zuzentaraua negoziatzeko ardura, uztailean Parlamentuak onartzeko helburuz.
Erredakzioa
Europar Batasunaren Ekonomia eta Finantza ministroek akordioa lotu dute inbertsio funts espekulatzaileen kudeatzaileen lanaren kontrola indartzera bideratutako zuzentarauaren inguruan, nahiz eta Europako Batzordeak eta Erresuma Batuak zuhurtzia agertu.
Elena Salgado Ekonomia eta Ogasun ministroak, Ecofinen bileran, txalotu egin du hartu duten konpromisoa. Izan ere, orain, Espainiaren presidentziak hartuko du zuzentaraua negoziatzeko ardura, uztailean Parlamentuak onartzeko helburuarekin.
"Zuzentarau horrekin, Europar Batasunak G20an hartutako konpromisoak beteko ditu eta finantzen egonkortasuna arriskuan jar zezaketenen jarduerak arautzeko egitasmoari erantzuten dio", Salgadok adierazi duenez.
Londres da Europan arrisku-kapital funts gehien dituen hiria Europa mailan eta hedge fund-en % 80k bertan dute egoitza.
Defizitaren aurkako neurriek ekonomia uzkur dezakete
Elena Salgado Espainiako Ekonomia eta Ogasun ministroak esan du Gobernuak defizita murrizteko iragarri dituen neurriek (2010 eta 2011 artean 15.000 milioi euro aurrezteko helburuarekin) "ekonomia pixka bat uzkurtzea" eragin lezaketela.
"Aurrekontuetan murrizketak egiten diren bakoitzean, baliteke ekonomia pixka bat uzkurtzea. Baina gure ustez, egun, fiskalitatea egonkortzea da garrantzitsuena", adierazi du Salgadok Ecofinera iritsi denean.
Espainiako Gobernuaren Ekonomia eta Ogasun ministroak esan du ez duela espero Europar Batasunak zergen igoera eskatzea Espainiari defizit publikoa murrizteko, baina azpimarratu du Batzordeak defizitaren aurkako planari buruz emango duen ebazpenaren zain geratuko direla.
Espainiak gaur aurkeztuko ditu bigarren aldiz defizit publikoa murrizteko neurriak 27etako ekonomia eta finantza ministroen aurrean, Ecofinen.
Salgadok bart aurkeztu die Euroguneko agintariei defizita murrizteko plana eta neurri horiez gain, Espainiaren lehentasuna lan merkatuaren eta finantza sektorearen erreforma dela jakinarazi zien. Europar Batasunak aurrekontuak egonkortzea eskatu zien Espainiari eta Portugali merkatuetan konfiantza berreskuratzeko.
"Nik baietz espero dut", erantzun du Salgadok Europako Batzordeak Zapateroren planari buruz emango duen ebazpena positiboa izango ote den galdetuta.
Dena dela, Salgadok baztertu egin du Bruselak Espainiari zergak igotzea eskatuko diola, Greziari eta Portugali egin zioten moduan.