Ekonomia -

Krisia

Legebiltzarrak bertan behera utzi ditu urteurreneko ekitaldiak

Modu honetan 40.000 euro aurreztu behar dituztela azaldu du Arantza Quiroga presidenteak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak bere 30. urteurrena ospatzeko aurreikusita zeuzkan ekitaldi guztiak bertan behera uztea erabaki du gaur. Horrez gain, legebiltzarkideen soldatak jaisteko eztabaida atzeratzea ere erabaki dute Legebiltzarreko Mahaian.

Aurtengo apirilean Legebiltzarrak ekitaldi berezia egin zuen bere 30. urteurrena ospatzeko. Urtean zehar La Oreja de Van Gogh, Euskal Herriko Orkestra Gaztea eta Donostiako Orfeoiaren kontzertu berezia egin behar zuten, baita saskibaloiko lehiaketa berezi bat ere.

Gaur, Legebiltzarreko Mahaiak bilera egin du. Ondoren, Arantza Quiroga presidenteak azaldu du ekitaldiak bertan behera uztea erabaki dutela, legealdi hasieran hasi zuten bidea jarraitzeko, eta "gastua murrizteko".

Kazetarien galderei, erabaki honi esker 40.000 euro aurreztuko dituztela azaldu du Quirogak .

Horrez gain, gaurko bileran legebiltzarkideen soldatak murrizteari buruz ere aritu dira, baina ez dute neurri zehatzik hartu.

Iaz, soldatak izoztea erabaki zuten, bigarrenez. Legebiltzarkide batek 70.584 euro bruto kobratzen ditu, baina taldeko bozeramaileek, idazkariek eta Mahaiko lehendakariordeek 83.573 euro irabazten dituzte urtean. Legebiltzarreko presidenteak 99.377 euro irabazten ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea