Ekonomia -
Madrilgo goi-bilera
Finantza-egitura berri bat defendatu dute EBk eta Latinoamerikak
Krisiak "saihesteko" neurriak adostea, G20k finkatutako helburuak kontuan izatea eta "inpaktu ekonomiko eta sozialari arreta berezia" ematea erabaki dute.
Erredakzioa
"Finantza-arkitektura berri" baten alde lan egiteko konpromisoa hartu dute gaur EBk, Latinoamerikak eta Karibek, eta munduko krisiaren ondorioak konpontzeko lankidetza areagotzea adostu dute.
Azken adierazpenean, EB-Latinoamerika eta Karibe VI. Goi-bilerak krisiak "saihesteko" neurriak adostea, G20k finkatutako helburuak kontuan izatea eta "inpaktu ekonomiko eta sozialari arreta berezia" ematea erabaki du, batez ere garapen bidean diren herrialdeetan.
Latinoamerikako Inbertsio Fondoa eta EB-Latinoamerika eta Karibe Fundazioa goi-bileran sortu izanagatik pozik agertu dira gobernuburuak eta estatuburuak. Era berean, etorkizunean Karibeko Azpiegitura Fondoa sortzeko borondatea azaldu dute buruzagiek.
Merkataritza akordioak
EB, Kolonbia eta Peru Merkataritza Akordio batera heldu dira, baita EB eta Erdialdeko Amerika ere. EBk, Brasilek eta Mexikok elkarte estrategikoa osatu dute eta baita EBk eta Txilek ere, Garapen eta Berrikuntzarako.
Era berean, EB-Mercosur negoziaketei garrantzi handia eman diete agintariek, "orain dela gutxi berriz hasi zirelako asmo handiko Elkarte orekatu bat osatzeko xedearekin".
"Nazioarteko finantza-erakundeak erreformatzeko" lan egingo dutela adierazi dute Europako eta Latinoamerikako buruzagiek, garapen bidean diren herrialdeei hitza emateko.
NBE
44 puntuko adierazpenean, alde anitzeko sistema bultzatzeko konpromisoa errepikatu dute eta NBE erreformatzeko borondatea azaldu dute, "milurteko berriaren erronkei aurre egin ahal izateko". Nazio Batuetako sistemaren "ordezkaritza, gardentasuna eta eraginkortasuna" hobetu nahi dituzte agintariek.