Ekonomia -

Lan istripua

Michelin lantegiko beharginek protesta egingo dute gaur

Ordubeteko lanuztea eta elkarretaratzea egingo dituzte beharginek Gasteizko lantegian. Protesta 13:30ean hasiko da.

Gasteizko Michelin lantegia. Argazkia: EiTB
Gasteizko Michelin lantegia. Argazkia: EiTB
Gasteizko Michelin lantegia. Argazkia: EiTB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Michelin lantegiko enpresa-batzordeak bilera egin zuen atzo arratsaldean agiri bat adostu eta lanuztea eta elkarretaratzea deitzeko. Hala, beharginek protesta egingo dute lantegiko atearen aurrean 13:30etik 14:30era, beharginaren heriotza salatzeko.

57 urteko biktima igeltserotza lanak egiten ari zen multinazionalaren lantegian, Gasteizen, azpikontratatutako enpresa baten bidez.

Ezbeharra 13:00ak aldera gertatu zen, hildako langilea kutxatilak egiteko materialaren bila joan zenean.

Lekuko batzuek azaldu dutenez, sarea ez zegoen ongi jarrita eta baliteke hori izatea istripuaren arrazoia.

Hala eta guztiz ere, oraindik goiz da gertatutakoa zehatz jakiteko, eta Osalanek abian jarritako ikerketaren ondorioak itxaron beharko dira.

“Lehenbailehen”

Ezbeharraren arrazoiak ikertu eta erantzukizunak “lehenbailehen” argitzeko eskatu du enpresa-batzordeak.

Hildakoaren familiari eta lankideei elkartasuna adierazi die enpresa-batzordeak agiri batean. Biktimak Endu enpresan lan egiten zuen.

Langilea sare batzuetan harrapaturik aurkitu zutela azaldu du beharginen ordezkaritzak.

Azkenik, Gasteizko lantegian azpikontratek “baldintza eskasetan” lan egiten dutela ohartarazi du enpresa-batzordeak.

Hildakoaren senitartekoei eta lankideei “babes eta elkartasuna” agertu die CCOO sindikatuak agiri batean.

Era berean, arriskuak prebenitzeko ardura duten eragile guztien inplikazioa eskatu du sindikatuak, “lanpostuetan hildako beharginen zerrenda onartezina” luzatzen jarraitzea eragozteko.

Beste elkarretaratze bat, asteazken honetan

Bestalde, ELA, LAB, Steilas eta Hiru sindikatuek beste elkarretaratze bat deitu dute asteazkenerako, 12:00etan Arabako hiriburuko Posta plazan, "Lan istripu gehiagorik ez, Prekarietatea hiltzailea" lelopean.

Aurten EAEn eta Nafarroan 33 behargin hil direla gogorarazi du ELAk.

Prekarietatea, azpi-kontratazioa, behin-behinekotasuna, lan erritmoak eta segurtasun neurrien gabezia “istripuetan eragin zuzena” dutela salatu du sindikatu abertzaleak.

Krisi ekonomikoak arazoak “areagotu” dituela ohartarazi du, “orain sekula baino gehiago” enpresek “produktibitateari eta mozkin ekonomikoei lehentasuna ematen dietelako”.

Gainera, Administrazioaren jarrera “pasiboa” salatu du; izan ere, “irregulartasunak” onartu eta “inolako jarraipen eta kontrolik” ez du egiten.

Toña: “Langilearen heriotza kolpe latza da”

Lan istripuetako heriotzak “oso kolpe gogorrak” direla esan du Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak.

Behin-behineko langile bat ez zela goraipatu du Toñak. Hildakoak lanean denbora zeramala erantsi du sailburuak. “Zoritxarrak ezbeharra eragin du”, azaldu du.

Sailburuaren hitzetan, behin-behineko txosten baten arabera, langilea kutxatila bat konpontzen ari zenean gertatu zen istripua. Antza denez, haga astun bat ateratzen saiatu zenean, desorekatu eta palankak behargina kolpatu zuen.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Multinazionalak Lana berriak Ekonomia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Gasteiz berriak Albisteak