Ekonomia -

NAFARROAKO GOBERNUA

Banku publikoa sortzeko aukera aztertuko du Nafarroak

'Gardentasun osoz eta independentziaz' egingo dutela azterketa ziurtatu du Manu Ayerdi kontseilariak. Finantza erakunde publiko bat enpresentzat eta partikularrentzat 'bideagarria' den ikertuko dute.

Manu Ayerdi, Nafarroako Ekonomia kontseilaria. EFE.
Manu Ayerdi, Nafarroako Ekonomia kontseilaria. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Finantza erakunde publiko propio bat eratzeko lehen urratsa eman du, gaur, Nafarroako Gobernuak. Foru Erkidegoak etorkizunean izango lituzken proiektu estrategikoak eta enpresak finantzatzea izango luke helburu erakundeak, eta horretarako prozesua abiatu dute. Aukera guztiak aztertu eta txostena egitea agindu du Foru Gobernuak.

Manu Ayerdi Foru Gobernuko presidenteorde eta Ekonomia kontseilariak jakitera eman duenez, "gardentasun osoz eta independentziaz" egingo dute azterketa. Nafarroaren etorkizuneko proiektuentzako, enpresentzako zein partikularrentzako banku publikoa "bideragarria eta komenigarria" den jakin nahi dute.

Txostena izan arte, ez dutela gaiaren inguruan baloraziorik egingo eta iritzirik emango esan du Ayerdik. Aldagai guztiak ondo aztertzea da helburua, egitasmoaren bideragarritasuna ziurtatzeko. Nafarroako Gobernua osatzen duten alderdiek – Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-E - adostutako akordio programatikoan jasotako gaia da banku publikoa sortzeko aukera aztertzea.

Urte bukaerarako edo 2017 hasierarako izan nahi du prest txostena Foru Gobernuak. Bertan, finantza erakunde bat osatzeko "aukera guztiak" aztertuko direla esan du kontseilariak. Behin txostena eskuartean izanda, aukera egokienari erreparatuko diotela gaineratu du.

Nafarroaren egitura ekonomikoa eta finantza egoera ondo aztertu eta merkatuaren egoeraren diagnostikoa egin behar direla nabarmendu du presidenteordeak, batez ere, ahuleziak identifikatzeko. Balizko banku publikoaren izaera juridikoa ere aztertuko dute: enpresa publiko bat izan daiteke, Finantzen Euskal Institutuaren parekoa edota ohiko banku publiko bat.

Proiektuen finantzazioan funtsezkoa izan daitekeela uste du Ayerdik. Nafarroako Kutxak bere garaian egiten zuen lanaren parekoa egin dezakeela esan du, eta maileguak ematerakoan, balizko erakundeak enpresei zein familiei dirua uzteko aukerak ere aztertu beharko direla azaldu du.

Txostena osatzeko, gehienez, 50.000 euroko aurrekontua izango dute enpresek. Proposamenak aurkezteko epea, berriz, gaur hasi eta irailaren 1ean amaituko da.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
CAN auzia Iruñeko bideoak Albisteak Nafarroa Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea