Ekonomia -

Arriskua neurtzeko agentzia

Espainiari kalifikazioa jaitsi dio Fitch agentziak

Espainiako zorrak AAA kategoria zuen, baina orain AA+ mailara jaitsi dio arriskua neurtzeko agentziak. Espainian susperraldi ekonomikoa "zailago" izango dela uste du agentziak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako zorraren kategoria AAAtik AA+era jaitsi du Fitch arriskua neurtzeko agentziak, susperraldia gainerako ekonomietan baino "zailago"a eta izango delako eta "beranduago" gertatuko dela uste duelako.

Egonkortze ekonomikoa martxan dagoela onartu du agentziak, baina lan-merkatu "zurrunak" eta aurrezki-kutxen sektoreko berregituraketak Espainiaren egoera ekonomikoa hobetzea oztopatuko dutela ohartarazi du.

Komunikatu batean, Kreditu Ofizialeko Institutua (KOI) Estatuarena dela gogorarazi du Fitchek. Ekonomia Ministerioaren menpe dagoen erakundea da eta sektore ekonomikoen eta eskualdeen garapena hobetzeko finantzaketa ematen du epe luzera eta ertainera.

Espainiako Gobernuaren politika ekonomikoarekin eta sozialarekin bat dator KOIren ekintza, eta Espainiako legeak errespetatu behar ditu.

Fitchek azaldu duenez, beharrezkoa izango balitz, Espainiako Estatuaren laguntza jasotzeko probabilitatea handia du KOIk.

Gobernu zentrala

Rating-ak behera egiteak zorra kokatzeko garaian zailtasunak areagotuko dituenik ez du uste Soledad Nuñez Altxorreko zuzendariak.

Era berean, nota jaisteak euroa edo Espainiako konpainia batzuen ekintzak kaltetuko dituenik ukatu du Nuñezek. "Ez du zertan", azpimarratu du, Espainia "ohorezko matrikula izatetik bikain bat izatera" pasa dela gogorarazi ostean.

PSOE

Bestalde, Espainia herrialde "segurua" dela ziurtatu du Miguel Fernandez Marugan PSOEko bozeramaileak, ordaintzeko konpromisoak "bete" egiten dituelako.

Estatuko zein nazioarteko merkatuan zorra kokatzeko Espainiak duen gaitasuna goraipatu du Maruganek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea