Ekonomia -
Turismoa
Uztailean % 6,8 igo da Euskadira etorri diren bisitarien kopurua
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hotelek iaz baino 20.012 bisitari gehiago hartu dituzte 2016ko uztailean. Turisten kopurua jazzaldiei esker igo da bereziki.
Agentziak | Erredakzioa
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hotelek 313.724 bisitari hartu dituzte uztailean, aurreko urteko epe berean baino 20.012 pertsona gehiago. Eustat Euskal Estatistika Erakundeak argitaratu dituen datuen arabera, euskal hoteletako eta landetxeetako bidaiarien sarrerak % 6,8 igo dira uztailean, Estatutik etorritako bidaiariak gehiago izan baitira.
Eustaten esanetan, bidaiari-sarrerak % 9,8 hazi dira Araban, % 6,7 Bizkaian eta % 5,8 Gipuzkoan. Estatutik 165.784 bidaiari etorri dira, aurreko urteko epe berean baino % 10,7 gehiago. Gainerako bidaiariak (147.940) atzerritarrak ziren; % 2,8 gehiago, 2015eko uztaileko datuekin alderatuta.
Gaualdiei dagokienez, 639.661 izan dira 2016ko uztailean, aurreko urteko uztailean baino % 8,3 gehiago. Alde horretatik, gaualdiek ere gorakada nabaria izan dute hiru herrialdeetan: % 15,1ekoa Araban, % 8koa Bizkaian eta % 6,7koa Gipuzkoan. Bestalde, batez besteko egonaldia 2,04 egunekoa izan da aurten. Bisitariek aurreko urtean baino denbora gehiago igaro dute euskal hoteletan eta landetxeetan. Plazakako betetze-maila % 3,8 igo da, iazko uztaileko % 66,3tik aurtengo % 70,2ra.
2016ko uztailean, hotel-okupaziorik handiena Donostian (% 84,5), Gipuzkoako kostaldean (% 83,4) eta Bilbon (% 73,4) izan da. Alde horretatik, Eustatek eman dituen datuen arabera, % 93,1ekoa izan da gelakako betetze-maila hiriburuan Donostiako Jazzaldia izan den egunetan. Lurralde osoko datuei begiratuta, berriz, gelakako betetze-maila % 86koa izan da.
Era berean, Getxoko jazzaldian izan den egunetan, bidaiarien kopurua nabarmen handitu da, eta % 68,6koa izan da gelakako betetze-maila. Halaber, Bilbao BBK Live jaialdia egin den egunetan, gelakako betetze-maila % 92,6koa izan da.
Gainera, Gasteizko Jazzaldian, 15.693 gaualdi egon dira Araba osoan, eta gelakako betetze-maila % 80,3koa izan da.
Landa-ostatuetako bidaiari-sarrerei dagokienez, 22.472 erregistratu dira uztailean; aurreko urteko epe berean baino % 10,7 gehiago. Araban % 5,8 egin du behera sarrera kopuruak, baina gora egin du Bizkaian (% 13,2) eta Gipuzkoan (% 14,1).
Landa-establezimenduetako gaualdien kasuan, aurten % 18,3ko gorakada izan da, 67.494 gaualdi izan baitituzte. Hiru lurralde historikoetan hobetu dira emaitzak: % 24 Gipuzkoan, % 11,9 Bizkaian eta % 7,3 Araban. Plazakako betetze-maila % 50,7koa izan da, 2015eko uztailean baino % 6 gehiago. Azkenik, bidaiarien batez besteko egonaldia luzatu egin da: batez beste, 2,81 egun igaro zituzten gurean iaz, eta 3 egun igaro dituzte aurten.