Ekonomia -
Elkarrizketa soziala
ELAk eta LABek ordezkari sindikalen manifestazioa egingo dute
Uztailaren 22an Gizarte Elkarrizketaren Mahaia delakoan Eusko Jaurlaritzak, Confebask patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek negoziazio kolektiboaren inguruan adostutako ituna salatuko dute.
agentziak | erredakzioa
ELA eta LAB sindikatuek ordezkari sindikalen manifestazioa egingo dute datorren irailaren 20an, Gasteizen. Bertan sindikatu horiek uztailaren 22an Gizarte Elkarrizketaren Mahaia delakoan Eusko Jaurlaritzak, Confebask patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek negoziazio kolektiboaren inguruan adostutako ituna salatuko dute.
Txiki Muñoz eta Ainhoa Etxaide, ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiek Bilbon, Negoziazio kolektiboari eta elkarrizketa sozialaren egoeraren inguruan egindako prentsaurrekoan iragarri dutenez, manifestazioa Lehendakaritzaren egoitzaren aurrean amaituko da; bertan, langileek hautetsontzietan aukeratutako gehiengoak errespetatu daitezela exijituko dute.
ELA eta LAB sindikatuen arabera, "Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk lortutako akordioak gehiengo demokratikoak hausten ditu".
Ildo horretan, Etxaidek eta Muñozek "onartezintzat" jo dute Eusko Jaurlaritzaren portaera, gehiengo sindikala baztertu eta patronalari eman diolako hitzarmen kolektiboak negoziatzeko ordezkari sindikalak aukeratzeko eskumena. Hori horrela, ez dute baztertzen elkarretaratze gehiago deitu ahal izatea.