Ekonomia -
Aurrezteko neurriak
Merkelek 80.000 milioi euro aurrezteko neurri zorrotzak iragarri ditu
Bigarren Mundu Gerratik Alemanian aurrezteko aurkeztu duten plan handiena da.
Erredakzioa
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak 80.000 milioi euro aurrezteko neurri zorrotzak iragarri ditu; horietatik, datorren urtean 11.000 milioi euro aurreztuko ditu. Bigarren Mundu Gerratik Alemanian aurrezteko aurkeztu duten plan handiena da.
"Gure herriaren etorkizuna ziurtatu behar dugu", esan du Merkelek prentsaurrekoan krisiari aurre egiteko plana zehazteko ministroekin ohiz kanpoko bi eguneko bilera izan ostean.
Enplegu eta gizarte gaietan, azpiegituretan, eraikuntzan eta defentsan izango dute eragina neurri hauek; pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, ordea, ez du eraginik izango.
2014ra arte 10.000 funtzionari murriztea adostu du Merkelen Gobernuak eta Gabonetako saria bertan behera utzi du.
Adostutako neurrien artean, ekonomiarentzako diru-laguntzaren murrizketa, aireko trafikoarentzako tasa ekologiko baten sorkuntza, erregai nuklearraren zerga eta finantza merkatuentzako karga fiskal berriak daude.
Pakete horrek proiektu handien gelditzeak ditu ere bere gain, Berlingo erdigunean Jauregi Inperialaren eraikuntza, adibidez.
Gainera, Alemaniako Gobernu federalak Armadatik 40.000 soldadu murriztea ikertzen ari da. Murrizketak ez du eraginik izango hezkuntzan eta ikerkuntzan.
Merkelek azpimarratu duenez, onartutako paketeak Alemaniako finantza sistemaren zuloak ixtea da, arlo sozialean eta enpresa eta industriarengan eragina duten neurriak erabiliz.