Ekonomia -

Txostena

Munduko Bankuaren 'hanka-sartzea'

Bere azken txostenean, Espainia zor handiena duten bost herrialde europarren artean zerrendatu zuen erakundeak, baina haren benetako postua 14.a da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduko Bankuak Espainiako ekonomiarekin oso kritiko zen txosten bat publikatu zuen atzo, baina datuek oker ugari zituzten, ondoren egiaztatu ahal izan denez.

El Pais egunkariak azaldu duenez, erakundeak Europar Batasunean zor handiena duten bost herrialdeak zerrendatu zituen, eta haien artean Espainia gaineratu zuen, baina haren benetako postua 14.a da.

Hain zuzen ere, estatu kide zorpetuenak Italia, Grezia, Belgika, Hungaria eta Frantzia dira, hurrenez hurren; baina erakundeak Espainia, Grezia, Portugal, Italia eta Irlanda aipatu zituen.

Aipatu egunkariak berak akatsaren berri eman eta gero, Munduko Bankuak txostenaren beste bertsio bat igorri zuen.

Horretan, EBko bost herrialdek "defizit eta zor handiak" uztartzen dituztela ohartarazi zuen, eta aurreko txostenean aipatutako bost herrialde berberak aipatu zituen, hots, Espainia, Grezia, Portugal, Italia eta Irlanda.

Baina bost herrialdeak zoriz hautatuak izan direla dirudi. Izan ere, Italiaren eta Espainiaren zorrak Europako batez bestea baino txikiagoak dira, eta Erresuma Batua, Espainiak baino defizit eta zor handiagoa duen arren, ez da agertzen zerrendan.

Berdin gertatzen da Frantziarekin eta Belgikarekin, haien zorrak eta defizitak batez bestea baino handiagoak baitira.

Bigarren txostena bidali eta bi ordura, Munduko Bankuak txostenaren egilearen adierazpen batzuk igorri zituen: "Txostenean Espainia Europar Batasunean defizit eta zor publiko handia dituzten bost herrialdeen artean agertzen bada ere, haren zorra beste lauena baino txikiagoa da. Espainia trebetasun handiz ari da krisiari aurre egiten".

Nolanahi ere, Munduko Bankuaren ''hanka-sartzea''k bere arrastoa utzi du jada nazioarteko merkatuetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea