Ekonomia -

Elkarrizketaren porrota

Zapatero: 'Lan-erreforma hobea izango da negoziaketaren ostean'

Erreforma "funtsezkoa" izango dela esan du Gobernuko presidenteak eta "guztiak entzun eta errespetatuz adostasuna" bilatuko duela erantsi du, negoziaketek porrot egin ostean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nahiz eta agente sozialen arteko akordiorik ez izan, elkarrizketaren ostean lan-erreforma "hobea" izango dela adierazi du Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak. Era berean, sindikatuak defendatu ditu presidenteak, "egunero politikoki kriminalizatzen dituztenen aurrean".

Aurretik den lana ongi egin ezkero Espainia "beste batzuk baino hobeto" krisitik aterako dela bermatu du Zapaterok.

Lan- erreforma "funtsezkoa" izango dela esan du Zapaterok eta "guztiak entzun eta errespetatuz adostasuna" bilatuko duela gaineratu du. Gobernuak erreforma ekainaren 16an onartuko du.

Sindikatuen eta enpresarien mahaiak porrot egin ostean, elkarrizketa "beti baliagarria" dela adierazi du agintariak, akordioa egon ala ez, ideiak partekatzen eta iritzi guztiak entzuteko aukera ematen duelako.

Negoziaketen porrota

Lan merkatuaren erreforma adosteko Gobernuak, CEOE patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek ezarri zuten azken bilera akordio barik amaitu da.

10 orduz batzartuta egon eta gero, Celestino Corbacho Lan ministroa, Gerardo Diaz Ferran CEOEko presidentea eta Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendez CCOOko eta UGTko idazkari nagusiak ez dira gauza izan erreforma adosteko. Horrenbestez, Gobernuak inposatu egingo du erreforma, hilaren 16an.

Sindikatuen iturriek azaldu dutenez, patronalarekin desadostasun handiak dituztelako egin du porrot bilerak.

Zapateroren hitzetan, lan-erreformak kaleratzeak merketuko ditu langileen eskubideak murriztu gabe. Gainera, "enpresen barneko malgutasuna" ekarriko du, besteak beste, "lanaldian, lan baldintzetan eta hitzarmen kolektiboaren soldaten erregulazioan".

Bere aldetik, Lan Ministerioak adierazi du bihar txosten bat igorriko diela zentralei eta patronalari, Gobernuaren ustez lan erreforma nolakoa izan beharko litzatekeen helarazteko.

Gainera, arratsaldean patronalarekin, sindikatuekin eta enpresaburuekin batzartuko da, baina bilera ezberdinetan.

Bilerak iraun duen tartean (atzoko 19:30ean hasi zen, eta gaurko 06:00etan bukatu), ia argi zegoen ez zela akordiorik lortuko, desadostasun handiak baitzeuden kaleratzea merkatzearen inguruan.

CEOEko zuzendaritzak Gobernuaren neurriak aztertuko ditu gaur goizean, 10:00etan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea