Ekonomia -

Turismo datuak

Euskadik turismo markak hautsi ditu udan, % 9,6 bisitari gehiagorekin

Inoiz baino bisitari gehiago izan dira Euskadin (1.155.775 iritsiera) eta bisitariek 2,5 milioi pasa gau igaro dituzte, aurreko urtean baino % 12 gehiago.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadik turismo markak hautsi ditu 2016ko udan. Ekaineko, uztaileko eta abuztuko datuak kontuan hartuta, 1.155.775 bisitari izan dira Euskadin, iaz baino % 9,6 gehiago, eta gaualdiak 2.663.310 izan dira, aurreko urtean baino % 12 gehiago.

Gobernu bilera amaitutakoan, Arantza Tapia Jarduneko Garapen Ekonomikoko eta Lehiakortasuneko sailburuak udako hiru hilabetetako turismo datuak ezagutzera eman ditu.

Tapiaren esanetan, uda "historikoa" eta "bikaina" izan da hiru lurralde historikoetan, eta igoera establezimendu mota guztietan eta modu "orekatuan" gauzatu dela azpimarratu du.

Iraileko datuen faltan, Euskadik bisitari eta gaualdi kopuru marka guztiak hautsi ditu. Gainera, bisitari bakoitzak bi egun baino gehiago igarotzeko jarritako erronka gainditu du Euskadi; izan ere, batez beste 2-3 gau igaro dituzte.

Hazkundea, gainera, hiru lurraldeetan izan da: Araban, 280.664 gaualdirekin (% 4,8); Bizkaian, 920.190 gauldirekin (% 7,6) eta Gipuzkoan, 859.544 gaualdirekin (% 5,9). Gainera, hiru lurraldeetan hazi egin da bisitarien kopurua: Arabak izan du igoerarik handiena, % 6,6 (148.024 bisitari), Bizkaiaren, % 6,3, (444.139 bisitari) eta Gipuzkoaren aurretik, % 4,8 (373.648 bisitari).

Hiriburuei dagokienez, EAEko hiru hiriburuetan igo da bisitarien kopurua eta gaualdien kopurua. Bilbon % 7,5 igo da bisitari kopurua eta gaualdien kopuruak, berriz, % 6,4 egin du gora. Donostian igoera apalagoa izan da: % 2,8 turista gehiagok bisitatu dute hiria eta gaualdien kopurua % 3,9 hazi da. Gasteizen bisitari kopurua % 1,9 igo da eta gaualdietan, ostera, % 8,5eko hazkundea izan du.

Bestalde, atzerritik Euskadira datozenen kopuruak ere gora egin du, estatu espainiarreko bisitarien gainetik. Alemania, Italia eta Erresuma Batua izan dira uda honetan jokaera hoberena izan duten merkatu atzerritarrak, 35.342 (+%20,4), 30.026 (+%14,5) eta 44.777 (+%5,4) sarrerarekin, hurrenez hurren. Estatu espainiarreko datuei dagokienez, berriz, Madril, 128.438 sarrerarekin (+%25,4) eta Katalunia, 89.761 bisitarirekin (+%9,7), dira gehien hazi direnak.

Igoera turismo-establezimendu guztietan izan dela adierazi ostean, apartamentu turistikoen aldeko hautua egin dutenen kopurua % 57 hazi dela azpimarratu du (40.384 iritsiera).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Gipuzkoako albisteak Araba Turismoa Euskadi Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia Albisteak