Ekonomia -
Espainiaren balizko erreskatea
Zurrumurruak alde batera utzi behar direla esan du Merkelek
"Eurogune osoa babesteko aterkia hor dagoela albiste garrantzitsua da. Hori da merkatuentzat garrantzitsuena", adierazi du Alemaniako kantzilerrak.
Erredakzioa
"Zurrumurruak eta espekulazioak" alde batera utzi behar direla esan du gaur Angela Merkel Alemaniako kantzelariak. Espainiak Euroguneko erreskate fondoaren laguntza behar izateko aukeraz mintzatu da agintaria.
"Eurogune osoa babesteko aterkia hor dagoela albiste garrantzitsua da. Hori da merkatuentzat garrantzitsuena", esan du Merkelek, Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearekin bildu ostean. EBko (Bruselan) eta G20ko (Toronto) goi-bilerak prestatu dituzte bi buruzagiek kantzelaritza Federalean.
"Espainiak edo beste edozein herrialdek aterkia hor dagoela badaki", erantsi du Merkelek. "Espekulazioetan parte hartzeko eta zurrumurruak areagotzeko interesik ez dut", Alemaniako agintariaren hitzetan.
Alemaniako egunkaria
Europar Batasuneko estatuak Espainiari laguntza emateko prestatzen ari dira eta bilerak egingo dituzte aste honetan Bruselan, Espainiako Estatuak "finantza eta zor krisi sakonari" aurre egin diezaion, Frankfurter Allgemeine Zeitung egunkariak Berlineko Gobernuko iturriak aipatuta jakinarazi duenez.
Maria Teresa Fernandez de la Vega presidenteordeak ukatu egin zuen iragan ostiralean Espainiak premiazko laguntza behar duela, "erabat faltsua" omen da informazio hori. Hala ere, egunkari alemaniarrak gogorarazi du Greziako Gobernuak antzerako adierazpenak egin zituela udaberrian eta gero laguntza eskatu ziola Europar Batasunari.
Horren harira, Espainiaren egoera banku sistemak eragin duela uste du egunkariak. Bat-egiteen bitartez higiezinen krisia kontrolpean izan nahi dutela azpimarratu du egunkariak, eta konfiantza "nabarmen" jaitsita, bankuen merkatua "egunetik egunera okerrago" dagoela.
Era berean, Euroguneko zenbait estatuk Zapateroren murrizketa neurriak "desegokiak" direla uste omen dute eta Espainiaren zorrak eragindako krisi bati aurre egitea Europar Batasunarentzat zailagoa izango dela aurreikusi dute, izan ere, Greziak BPGren % 2,5 suposatzen du, eta Espainiak ia % 12.
Frankfurter Allgemeine Zeitung egunkariaren informazioak iragan ostiralean Financial Times Deutchland-ek argitaratutakoa berresten du. Ezkutuko iturri batzuk aipatuta, egunkari horrek ere Espainiaren erreskatea prestatzen ari direla jakinarazi zuen.
Europar Batasunak eta Europako Batzordeak zurrumurrua ukatu dute
Jose Manuel Durau Barroso Europako Batzordeko presidenteak eta Jean Claude Juncker Europar Batasuneko presidenteak hedabideek argitaratutako informazioa ukatu dute, hau da, EB Espainiako ekonomiari laguntzeko plan bat prestatzen ari dela.
Luxenburgon izan dute bilera baten ostean, Junckerrek esan du "ildo horretan ezta lan hipotesirik ez" dagoela.
Durau Barroso, bere aldetik, "Europako Batzordearen izenean" argi utzi du Europako Batzordeak "ez duela Espainiarentzako plan zehatzik prestatzeko asmorik".