Ekonomia -
Greba orokorra
UGT-Euskadik ez du ekainaren 29ko greba orokorrarekin bat egingo
Damaso Casadok argitu duenez, UGTk irailaren 29arako Estatuan deitu den lanuztearekin egingo du bat. Ekainaren 29rako greba sindikatu abertzaleek eta CCOOk deitu dute, bakoitzak bere aldetik bada ere.
Erredakzioa
UGT-Euskadik argitu du ekainaren 29an sindikatu abertzaleek eta CCOOk egingo duten greba orokorrarekin bat egingo ez duela eta bere deialdia irailaren 29rako Estatuan deitu den grebarako dela.
Damaso Casadok gogor kritikatu du sindikatu abertzaleek eta Euskadiko CCOOk hilaren 29rako deitu duten greba, "partziala" delako.
Irailaren 29an Estatuan izango den greba orokorraren harira, batasun sindikala ezinbestekoa dela aldarrikatu du eta batez ere ELAri eta USOri egin die aipamen. Bi sindikatu horiek Europako Sindikatuen Konfederazioan daudela ekarri du gogora eta iraileko greba deialdia Europarako ere badela nabarmendu du.
"Ez dugu uste positiboa dela grebak eta mobilizazioak partzialki egitea", esan du eta ekainaren 29ko grebak ez duela arrakastarik izango iragarri du.
"ELA sindikatuak Bruselan esaten duena, Europako Sindikatuen bileretan esaten duena bere egitea eta Espainian ere praktikan jartzea izugarri gustatuko litzaiguke. Garrantzitsua izango litzateke langileak babesteko eta guztiok batera egoteko, izan ere, gainera datorkigunari aurre egiteko banatuta egotea langileen kalterako izango da", azaldu du.
Amaitzeko, Damaso Casadok azpimarratu du UGTk eta CCOOk Estatuan duten elkarlanerako batasuna ez dela aldatuko, azken horrek ekainaren 29ko grebarekin bat egitea erabaki duen arren. Bi sindikatu horien arteko harremanak Euskadin ere bere horretan mantenduko direla espero du.