Ekonomia -
Negoziazio kolektiboa
Confebask, CCOO eta UGTren arteko ituna 'bukatzea' eskatu dute LABek
Gerora Eusko Jaurlaritza ere batu zen akordiora, eta, LABek dioenez, ez du Gobernuarekin harreman normalizaturik izango itun hori indarrean dagoen artean.
Agentziak | Erredakzioa
Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusiak Eusko Jaurlaritza berriari eskatu dio bukatutzat jo dezala joan zen uztailaren 22an Confebask patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin sinatu zuen hitzarmena. Izan ere, bere aburuz, "ezinezkoa da LAB eta Jaurlaritzaren artean harreman normalizatuak izatea akordio hori indarrean badago".
LABeko arduradunak ohartarazi duenez, aplikatu diren lan-erreformen ondorioz, "langileen artean areagotzen ari da prekarietatea eta pobrezia". Zentzu horretan, gogoratu du bere sindikatuarentzat negoziazio kolektiboa "tresna bat eta eskubide bat da" aldi berean, eta prekarietatearen kontrako tresna eragingarri bat izan dadila nahi du, eta horixe izango da sindikatuaren "jardueraren" ardatz nagusia.
Bestalde, bere esanetan, "negoziazio kolektiboa ez da soilik Estatutik erasotzen, oldarraldiak ez datoz bakarrik Madrildik". Zentzu horretan, “negoziazio oro blokeatzea” leporatu dio Confebaski, Iñigo Urkulluren gobernuari, aldiz, euskal patronalari babes politikoa ematen diola egotzi dio.
Hitzarmena "bukatzea"
Horrez gain, Eusko Jaurlaritza berriari eskatu dio bukatutzat jo dezala uztailaren 22an Confebasekin eta gutxiengo sindikalarekin (CCOO eta UGT) sinatu zuen hitzarmena; horrela egin ezean, ezinezkoa iruditzen baitzaio “Jaurlaritzarekin harreman normalizatuak izatea".
Aldi berean, "estatalizazioaren aurka" borrokatuko dutela adierazi du, eta LABek 2013an egindako proposamenak "orain garai hartan baino gaurkotasun gehiago" duela uste du. Proposamen horretan, LABek sektorearteko hitzarmena egitea proposatzen zuen, euskal esparrua gotortze aldera, "ez zituen lan erreformaren arazo guztiak konpontzen, baina markoak eta hitzarmenak gotortzen zituen".
Etxaidek adierazi duenaren arabera, "azkenerako negoziazio mahaia badago, LAB 2013ko eskaintzarekin eseriko da bertan", ez delako beharrezkoa "zerotik hastea"; izan ere, "bide asko eginda dago".