Ekonomia -

Osoko bilkura Kongresuan

Zapaterok aitortu du lan erreforma ez dela 'behin betiko konponbidea'

Gobernuburuaren esanetan, "beste pieza bat" baino ez da Espainiaren "ekoizpen egitura" hobetzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak aitortu du lan erreforma ez duela proposatu langabeziaren "behin betiko konponbide bezala".

Bere esanetan, hain zuzen ere, "beste pieza bat" da Espainiaren "ekoizpen egitura" hobetzeko.

Zapaterok Kongresuan egin ditu adierazpenak, Gaspar Llamazares IUko diputatuaren galdera bati erantzunda. "Espero egin beharko ditugu erreformaren emaitzak", eskatu du.

"Ondoren formula zehatzak eztabaidatu ahal izango dira. [...] Zein da Llamazaresek duen eredua? Uste dut Txinakoak eta Errusiakoak ez dutela balio", gaineratu du.

Gobernuburuak adierazi du sindikatuek eta enpresabuek uste zutela "gauzak aldatu beharra" zegoela, eta "ordu askoz" negoziatzen egon dela gogorarazi du.

"Ez da beharrezkoa datu askorik ematea, langabezia tasa % 20koa dela eta % 30eko denborazkotasuna dagoela kontuan hartua", erantsi du.

EBko Presidentetza espainiarra, positiboa

Bestalde, Zapaterok positibotzat jo du Europar Batasuneko txandakako Presidentetza espainiarraren kudeaketa, eta hurrengo Presidentetzentzat Espainiak "aurrekari ona" ezarri duela iritzi dio.

Espainia urtarrilaren 1ean bihurtu zen txandakako presidente, eta hilaren 30ean utziko du lekua.

Besteak beste, azken sei hilabeteetan egindako goi-bilerak goratu ditu (Errusia, Japonia, Pakistan, Maroko, Latinoamerika, Txile, Mexiko, Mercosur, Erdialdeko Amerika, Andeetako herrialdeak eta Cariforum).

AEBekin egitekoa zena azkenean ezin izan zutela egin aitortu du, eta arrazoiak eman ditu: Aurreko goi-bilera oraindik gertu zegoela (urrian egin zuten) eta Obamak agenda arazoak zituela. Ekialde Hurbileko egoera ere kausetako bat izan zela aipatu du.

Nolanahi ere, AEBekin aurrerapausoak eman dituztela ziurtatu du. Adierazpen bateratua adostu zuten terrorismoaren aurka, eta bihar aire zerbitzuen akordioa sinatuko dute.

Zapaterok nabarmendu du ekimen legegile herritarra sustatu dutela (milioi bat herritarrek Batzordeari lege bat egitea proposatu ahal izateko). Gainera, indarkeria matxistaren aurkako borrokan ere "aurrerapen nabariak" egin dituztela gogorarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea