Ekonomia -

Errege Dekretua

Espainiako Gobernuak gutxieneko soldata igoko du gaur, 707,6 euroraino

655,2 eurotan dago, gaur egun, 14 soldatatan. Espainiako sindikatuen ustean "aurrerapausoa da, baina ez da nahikoa". Halere, azken hamarkadetako igoerarik handiena da.

Langilea lanean
Langilea lanean
Langilea lanean

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak lanbidearteko gutxieneko soldata (LGS) % 8 igotzea onartuko du gaur, ostirala, 707,6 euroraino (14 soldata urtean), sindikatuek Europa Press albiste agentziari azaldu diotenez.

Kontseilu Ministroak gaur goizean egitekoa den bileran onartuko du igoera. Azken hamarkadetan izandako igoerarik handiena da gaurkoa. Gaur egun, 655,2 eurokoa da LGSa.

Lan Ministerioa ostegun arratsaldean bildu zen CCOO, UGT, CEOE eta Cepymekin, igoeraz hitz egiteko. CCOO eta UGT sindikatuetatik, Ramon Gorriz eta Gonzalo Pino Ekintza eta Politika Sindikaleko ordezkariak izan ziren; CEOEk eta Cepymek, aldiz, Jordi Garcia Viña eta Teresa Diaz de Teran Lan Harremanen departamentuetako zuzendariak bidali zituzten.

Sindikatuen arabera, eragile sozialek eta PSOEk proposatu ostean hartu du erabakia Gobernu espainiarrak. Antonio Hernando PSOEren Kongresuko bozeramaleak gutxienez % 8 igotzea eskatu zuen atzo, defizitaren helburua onartzeko baldintza gisa.

UGTk zein CCOOk esan dutenez, igoera "aurrerapausoa da, baina ez da nahikoa", haien iritzian, "urrun" dago oraindik sindikatuek LGSaren inguruan egindako proposamenetik. 2017an 800 eurokoa izatea, eta 2020ean batez besteko soldataren % 60raino heltzea (950 euro) eskatu zuten sindikatuek.

Era berean, adierazi dutenaren arabera, igoera horrek "ez ditu sindikatuen eskakizunak asebete, baina azken urteetan izandako Espainiako Gobernuek LGSaren dela eta egin dituzten igoerak baino handiagoa da".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ministroen Kontseilua bideoak Lana Espainiako Gobernua argazkiak Espainia Ekonomia Gaurko titularrak Albisteak Soldatak