Ekonomia -

Hitzarmena

Aurreakordioa lortu dute Sidenorren, akordio markoari buruz

Langileek akordio hori berretsi beharko dute orain. Sindikatuen arabera, “baldintzak hobetuko ditu, eta etorkizunean industria proiektu fidagarri eta kaudimenduna izateko neurriak proposatu”

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sidenorren zuzendaritzak eta sindikatuek aurreakordioa lortu dute akordio markoaren negoziazioan, eta konpainiaren lantegietan berretsi beharko dute hitzarmen hori orain.

USOk, CC. OO., UGT eta CSIFrekin batera negoziazio talde bateratua osatzen duen sindikatuak, gaur azaldu duenez, aurreakordio “globalak” langileen egoera ekonomikoa hobetuko du eta soldatak handitu eta sendotuko ditu; izan ere, enpresaren egungo egoerari buelta ematea ahalbidetuko duten neurriak biltzen ditu, sindikatuaren aburuz, “industria proiektu fidagarri eta kaudimenduna” sortuz.

Akordioa berretsiz gero, 2017-2021 epean egongo da indarrean, eta, 2018ra arte iraungo duen aldi baterako enplegu erregulazioarekin batera, egungo lanpostuak bermatuko ditu, eta inbertsioak, konpainiaren bideragarritasuna eta etorkizuna  ziurtatuko ditu epe ertainean, USOren oharraren arabera.

Zuzendaritzak eta lau sindikatuek sinatutako idatzian, % 8,5eko hobekuntza aurreikusten da soldatetan, hitzarmenaren indarraldiaren amaierarako, 2021. urterako.

Gainera, 2019, 2020 eta 2021 urteetarako helburuen araberako % 2ko ordainsari bat ezarriko dute, urtero apirilean jasoko dena, eta datorren urtean 210 egunekoa izango da lan egutegia. Hurrengo hiru urteetan (2018, 2019 eta 2020) 211 egunekoa izango da, eta 2021ean 212koa.

Aldi baterako enpleguari dagokionez, 2017an aldi baterako kontratua dutenen % 15 langile finko egiteko konpromisoa biltzen du idatziak.

Aurreakordioa sinatu duten lau sindikatuek (ordezkaritza osoaren % 76 biltzen dute) eta Sidenorreko zuzendaritzak aldi baterako enplegu erregulazioa hitzartu zuten abendu hasieran, langabezia osagarria % 90era igo eta zuzendaritzak nahi dituen malgutasun neurriak akordio markoan sartzeko negoziazioa abiatu eta gero.

Enplegua egokitzeko plan horri jarraituta, lanorduen kopurua % 50 jaitsi da batez beste taldean, lantegi batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago.

Basauriko bulego nagusian eta Legazpiko lantegian % 50 jaitsi da, Azkoitian % 62 eta Maltzagan % 100.

Azken horretako produkzioa Gasteizera aldatu dute, eta, han, % 35eko eragina izan du planak, Legution bezalaxe; Basauriko fabrikan, % 20koa izan da murrizketa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Basauriko bideoak Gasteiz albisteak Azkoitia albisteak