Ekonomia -
OSAKIDETZA
Basurtuko Ospitaleko 'arazoa estrukturala' dela esan dute sindikatuek
Azken egunotan ospitalea gainezka dagoela eta, elkarretaratzea egin dute langileek. Basurtuko Ospitala bilbotarraren beharrei erantzuteko 'txiki geratu' dela salatu dute, 'aurrekontu ezagatik'.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko Ospitaleko enpresa batzordean ordezkaritza duten sindikatuek elkarretaratzea egin dute goizean, erietxe horretako larrialdietarako zerbitzuen atarian. Gainezka dago Ospitala, eta sindikatuek salatu dutenez, gripearen epidemia pasatzen denean ere, hala jarraituko du, "arazoa estrukturala" delako.
Langileen arabera, bilbotarren beharrei erantzuteko txiki geratu da Basurtuko Ospitala, "aurrekontu ezagatik". Osakidetzako gainerako zentroetan ere antzeko egoera dutela gaineratu dute.
Sonia Franco UGTko ordezkariak esan duenez, arazoa ez da "puntuala". "Azpiegitura txiki geratu da, eta aurrekontua ere bai", adierazi du. Horren arabera, Bilboko biztanleria kontuan hartuta, "ez da nahikoa" Basurtun eskaintzen den zerbitzua.
Koldo Villar ELAko ordezkariak nabarmendu duenez, bestalde, arazoa ez da bakarrik larrialdietarako unitatean gertatzen, Ospitaleko beste unitateetan ere ohe faltan daude. Villaren iritzian, inbertsio faltaren ondorio garbia da azken asteotan Osakidetzako zentroetan agerian geratzen ari den argazkia.