Ekonomia -

Kongresura begirako eztabaida

'Prozesu soberanista bizkortzea' defendatu du LABek

Gaur egungo eredu sozioekonomikoa errotik aldatzearen eta 'euskal sozialismoa' eraikitzearen alde egin du sindikatuak.

Igor Arroyo eta Garbiñe Aranburu. Argazkia: EiTB
Igor Arroyo eta Garbiñe Aranburu. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB sindikatuak hainbat puntu azpimarratu ditu maiatzean egingo duen kongresuari begira prestatzen ari den ponentzian: "prozesu soberanista bizkortzea", "euskal sozialismoa" eraikitzea, eta lan harremanen euskal markoa eta "gune sozioekonomiko propioa" garatzea. "Eskumenen bat gehiago nor bere gain hartuta gaur egungo marko autonomikoa aldatzea iruzurra litzateke", adierazi du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusi berri izateko hautagai eta ponentziaren arduradunetako bat denak.

Sindikatuak gaur jarri du martxan "LAB 4.0 Gure Garaia" lelopean maiatzaren 25ean eta 26an Gasteizen egingo duen kongresua. Kongresu horretan Ainhoa Etxaide egungo LABeko idazkari nagusiak kargua uzteaz gain, afiliatuek zuzendaritza berria aukeratuko dute. Bilbon egindako prentsaurrekoan, Garbiñe Aranburu, Bea Martxueta, Igor Arroyo eta Izaskun Garciak koordinatutako ponentzia aurkeztu dute.

Otsaila amaiera bitartean, eskualdekako eztabaidak eta aurkezpenak egingo dituzte eta, gero, han eta hemen hitzaldiak egingo dituzte ponentziaren ildo nagusiak afiliatuei azaltzeko; izan ere, afiliatuak prozesuaren protagonista izatea nahi dute. Halaber, parte hartzea bultzatuko dute aplikazio baten bitartez.

LABen egungo zuzendaritzak Garbiñe Aranburu proposatuko du idazkari nagusirako eta Igor Arroyo haren alboko izateko. Apirilaren 3an jakinaraziko dute proposamen ofiziala eta egun horretatik aurrera afiliatuek beren proposamenak egin ahal izango dituzte eskualdeetako buruzagi karguetarako zein kargu konfederaletarako.

Ponentzia politiko-sindikalari dagokionez, LABek pertsona guztiek bizimodu duina izatea bermatuko duen euskal sozialismoa eraikitzea defendatu du, Garbiñe Aranbururen esanetan, gaur egungo eredu sozioekonomikoa ez baita "jasangarria". Horretarako, beharrezkotzat jotzen du euskal estatua eraikitzea eta, egun batetik bestera ez dela gertatuko jakitun, prozesu soberanista bizkortzea proposatu du, aldebakarrekoa izango dena.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langile Abertzaleen Batzordeak Ekonomia berriak Gaurko azken ordukoa