Ekonomia -
Kontsumoa
Kaltegarria al da panga jatea? Oso merkea den arrainaren gako nagusiak
Carrefourrek arrain horren inguruko eztabaida ireki du berriz, pangaren salmenta eten duela iragarri ostean. Euskadin, 2010-2011 ikasturtean utzi zioten eskoletako jantokietan zerbitzatzeari.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Endokrinologia eta Elikadura Elkarteak (SEEN) ziurtatu duenez, balio nutrizional gutxikoa da panga arraina. Hala, beste arrain zuri batzuekin alderatuta balio hori askoz ere baxuagoa dela esan du, baina argi utzi du ez dela osasunerako kaltegarria. Ildo horretatik, pangaren kontsumoak ez duela toxikotasun-arriskurik suposatzen azpimarratzen du.
“Ez da kontsumitzeko arrainik onena, soilik balio nutrizional gutxikoa delako, ez beste ezergatik”, ziurtatu dio Francisco Botella medikuak Europa Press berri agentziari. Halaber, Kontsumoaren, Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AECOSAN) aldizka egiten dituen kontrolak “oso zehatzak” direla eta sekula ez dela osasuna arriskuan jarri lezakeen sustantziarik aurkitu esan du. Ondorioz, pangaren kontsumoa ezin dela zalantzan jarri gaineratu du.
Dena dela, pangaren kontsumoa ezbaian jarri da askotan, arraina hazten den uraren kalitatea dela eta. Polemika horren aurrean, pangaren salmenta eten duela iragarri du Carrefourrek. Gainera, eskoletan zerbitzatzeari berehala uzteko eskatu du Espainiako Ikasleen Gurasoen Elkarteko Konfederazioak (CEAPA). Alabaina, SEEN elkarteko kideak ziurtatu du pangaren kontsumoa ez dela kaltegarria, eta tamaina bereko arrainek duten merkurio-tasa bera duela esan du.
Pangaren kontsumoa osasunerako kaltegarria ez den arren, balio nutrizional gutxikoa dela onartu du (beste arrain zuriekin alderatuta balio nutrizional erdia). Aditu horren arabera, arrain guztiek dituzte balio handiko proteinak, baina bakoitzak zenbat dituen jakitea da gakoa.
Gainera, gantz gutxi duen arraina dela azaldu du. Bestalde, merkatuan oso merkea izanik jende askok aukeratzen duela aitortu du. Panga erraz prestatu eta jaten bada ere, nutrizioari dagokionez arrain horren kontsumoa ez lukeela inoiz gomendatuko azpimarratu du.
Espainiako Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak jakitera eman duenez, pangaren kalitatearen inguruan sortu diren kezken aurrean sekula ez du abisurik jaso, eta Europak ezarritako baldintza guztiak betetzen dituela gaineratu du.
Euskadin, 2010-2011 ikasturtean utzi zioten eskoletako jantokietan zerbitzatzeari.