Ekonomia -
Enplegu publikoa
27.482 pertsonak eman dute izena Eusko Jaurlaritzaren lan-poltsetan
Eusko Jaurlaritzaren ustez, lehen azterketak martxoaren bigarren hamabostaldian egingo dira. Hala, zazpi lan-poltsak ekaina inguruan osatuko dira.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, 27.487 lagunak eman dute izena administrazioko langile kualifikatuentzako zazpi lan-poltsetan. Eskaerak aurkezteko epea joan den urtarrilaren 22an ireki zuen, eta joan den astean zazpi lan-poltsetako bostetan izena emateko epea amaitu zen.
Alabaina, Orientaziorako eta Osasun publikorako hautaprobetan izena emateko epea beste astebetez luzatzea erabaki zuen, deialdiaren oinarrian aldaketak egin zirelako. Hala, ostiral honetan, otsailak 10, amaitu da eskaerak aurkezteko epea.
Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Osasun Publikorako hautaprobetan 1.218 lagunek eman dute izena; Orientaziorako hautaprobetan, 4.143; Administrazio kidegoan, 6.630; Zuzenbidean, 1.987; Artxiboa, Liburutegia eta Dokumentazioan, 1.456; administrarien kidegoan, 7.385; eta enpresako medikurako, 60.
Eusko Jaurlaritzaren ustez, lehen azterketak martxoaren bigarren hamabostaldian egingo dira. Hala, zazpi lan-poltsak ekaina ingururako osatuta egongo dira.
Enpresako medikurako hautagaien kasuan, ez dute ezagueren inguruko azterketarik egingo, baina lortutako merituak izango dira kontuan. Gainontzeko lan-poltsetan azterketa teorikoa egitea derrigorrezkoa izango da hautaketa-prozesuarekin aurrera jarraitzeko.
Legegintzaldi honetako lehen deialdia da, eta gazteei lana errazteko helburua du. Halaber, zazpi lan-poltsa horien bidez, langile gehiago jarri nahi dituzte administrazio publikoan.