Ekonomia -
Uztailak 14 eta 16
Bi greba egun deitu dituzte Madrilgo metroko langileek
Enpresa-zuzendaritzarekin zenbait bilera izan ostean erabakia hartu dute langileek.
Erredakzioa
Asteazkenerako eta ostiralerako grebak deitzea erabaki dute Madrilgo metroko langileek batzarrean, goizean, gutxieneko zerbitzuak errespetatuz.
Proposamena behin betiko onartu baino lehen, langileek bozkatu beharko dute arratsaldean. Batzarra Plaza de Castillako garajetan egingo dute.
Enpresa-zuzendaritzarekin zenbait bilera izan ostean erabakia hartu dute langileek. Bilera horietan aurrerapausoak eman dira, baina langileen soldaten murrizketa saihesteko akordiorik ez dute lortu.
Enpresaren jarrera "deitoragarria" dela esan du Antonio Asensio Madrilgo Greba-batzordeko bozeramaileak, izan ere, beste partidatan gastua murriztea onartuko balute akordioa posible izango litzateke, horretarako soldatak % 1,5 murriztea beharrezkoa izan gabe.
Gutxieneko zerbitzuak
Asensioren hitzetan, enpresak eskatutako "gutxieneko zerbitzu neurrigabeak" errespetatuko ditu Greba-batzordeak, baina alternatiba gisa "zerbitzua puntako orduetan" (6etatik 9etara eta 18etatik 21etara) soilik betetzea planteatu dute. Proposamen hori ez du kontuan hartu enpresak.
Konpainiaren eta Greba-batzordearen artean ez dago bilerarik aurrikusita, horregatik Batzordeko bozeramaileak "zentzutasuna eta zuhurtasuna" eskatu du bilera hori egin ahal izateko, bestela grebak deitzen jarraituko baitute.