Ekonomia -
Sindikatuak
CCOOk eta UGTk 15 minutuko lanuztea deitu dute EAEn martxoaren 23rako
Negoziazio kolektiboa desblokeatzea eskatuko dute. Mobilizazio orokor baten aurreabisua dela adierazi dute sindikatuek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
CCOO eta UGT sindikatuek 15 minutuko lanuzte orokorra deitu dute Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) martxoaren 23rako, negoziazio kolektiboa desblokeatzea eskatzeko. Sindikatu horien esanetan, mobilizazio orokor baten aurreabisua da.
Confebask patronalak Bilbon duen egoitzaren aurrean kontzentrazioa egin dute gaur goizean, eta bertan iragarri dute martxoaren 23rako lanuztea Unai Sordok eta Raul Arzak, Euskadiko CCOOko eta UGTko idazkari nagusiek, hain zuzen. Bertan azaldu dutenez, EAEko 336.000 langilek negoziatu gabe dute beren lan-hitzarmena.
Sordoren esanetan, martxoaren 23ko lanuzte partziala enpresa batzordeen, langile batzordeen eta sindikatuetako ordezkarien bitartez planteatuko dute, eta "beste ezeren gainetik, bisuala" izango da.
Enpresetan negoziazio kolektiboa bideratzen lagunduko lukeen negoziazio mahaia osatzea eskatu diote CCOO eta UGT sindikatuek Confebask patronalari.