Ekonomia -
Bruselan
Salgadok FROB funtsaren laguntza zabaltzeko eskatuko dio EBri
Datorren uztailaren 23an Europako Batzordeak 91 erakunderi egindako kaudimen frogen emaitzak kaleratuko ditu, besteak beste, Espainiako 27 bankuren eta aurrezki kutxen emaitzak.
Erredakzioa
Elena Salgado Ekonomia ministroak jakinarazi duenez, Espainiako Gobernuak banku sektorea era ordenatuan berregituratzeko funtsaren (FROB) laguntza zabaltzeko eskatuko dio Europako Batzordeari kapitalizazio beharrei aurre egiteko. Izan ere, Europako Batzordeak 91 erakunderi egindako kaudimen frogen emaitzak kaleratuko ditu, besteak beste, Espainiako 27 bankuren eta aurrezki kutxen emaitzak.
"Badaezpada datozen egunetan FROB funtsaren laguntza zabaltzeko eskatuko diogu Europako Batzordeari, sektorearen osasunari buruzko edozein zalantza argitzeko", azaldu du Salgadok Europar Batasuneko 27en Ekonomia eta Finantza ministroen bilera amaitu ostean.
Datorren uztailaren 23an kaleratuko dituzte Finantza ministroek test horien emaitzak.
"Emaitzak ezagutu bezain laster, diru publikoa erabiltzeko aukera iragarriko dute agintariek behin-behineko ahultasunei aurre egiteko", esan du Salgadok.
Ildo horretan, "erabat lasai" dagoela gaineratu du; izan ere, "Europako Batzordeak FROB funtsa berehala zabalduko du, epe mugatu batean".
Gainera, Espainiako "sektorearen iraupenean" konfidantza duela esan du; izan ere, azken hilabeteetan aurrezki kutxek jasan duten berregituraketak "sektoreko ahultasun gehienak konpondu" dituela argitu du.
Bestalde, Espainiako Gobernuak defizita murrizteko abian jarritako erreformak babestu dituzte EBko Finantza ministroek; hala ere, 2011an BPG 1,75raino murrizteko eskatu diote.
Gainera, beste urrats bat egiteko eskatu diote: Autonomia erkidegoen zorra ere murriztea. Beraz, Estatuko erkidegoek ere estutu beharko dute gerrikoa.