Ekonomia -
Ikerketa
Fiskaltzak ikertu egingo ditu aire-kontrolatzaileen bajak
Fiskaltzak "gaia aztertuko du, noski", baina ikerketaren emaitza zein izango den ezin duela aurreratu adierazi du Candido Conde-Pumpido fiskal nagusiak.
Erredakzioa
Aire-kontrolatzaileen bajei buruzko informazioa igorriko dio Fiskaltzari Sustapen Ministerioak, Candido Conde-Pumpido fiskal nagusiak azaldu duenez. "Gutxiengo baten interesek herritarren joan-etorriak ez kaltetzea bermatu" beharra dagoela azpimarratu du fiskal nagusiak.
Menendez-Pelayo Nazioarteko Unibertsitatean egin ditu adierazpenak Conde-Pumpidok. Fiskaltzak "gaia aztertuko du noski", baina ikerketaren emaitza zein izango den ezin duela aurreratu adierazi du fiskal nagusiak. Bartzelonako aire-kontrolatzaileen lan huts egiteetan delitu zantzuak ikusten ote dituen galdetu diote Conde-Pumpidori kazetariek.
Zerbitzu publikoen funtzionamenduari eragin dioten beste gai batzuetan lehenago ere Fiskaltzak esku hartu duela gogorarazi du Estatuko fiskal nagusiak, Bartzelonako aireportuetako pistetan egindako inbasioan prozedura bat hasi eta zigorrak ezarri zituzten esaterako, eta kamioilarien greban ere ikertu zuen Fiskaltzak.
Madrileko metroaren langileek greban gutxieneko zerbitzuak urratu ostean ekin behar izan zuen Fiskaltzak azkenekoz, Conde-Pumpidok azaldu duenez.
Kontrolatzaile militarrak
"Salbuespenezko egoeratan" kontrol-dorre zibiletan lan egiteko aire kontrolatzaile militarrak erabiltzea adostu dute Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteak, Carme Chacon Defentsa ministroak eta Jose Blanco Sustapen ministroak, azken honek jakinarazi duenez.
Blancok azaldu duenez, militarrek aireportuetako lanpostu zibiletan aritzeko Gobernuko presidentearen baimena behar da.