Ekonomia -
Kolpea Gobernuarentzat
Zamaketarien dekretua atzera bota du Kongresuak
Oposizioko alderdiek, UPN, Foro Asturias, EAJ eta Ciudadanos (zuri bozkatu du) izan ezik, zamaketarien sektorea liberalizatzeko dekretuaren kontra bozkatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuak zamaketaren sektorea liberalizatzeko egindako dekretua atzera bota du gaur Diputatuen Kongresuak. Rajoyren exekutiboak otsaila amaieran onartu zuen dekretua, baina ganberaren oniritzia behar zuen indarrean jarraitzeko.
PPk, UPNk, Foro Asturiasek eta EAJk bakarrik egin dute dekretuaren alde (142 boto). Ciudadanosek zuri bozkatu du (32), eta oposizioko gainerako alderdiek (PSOE, Unidos Podemos, Esquerra, PDeCAT, Compromis, EH Bildu, Coalicion Canarias eta Nueva Canarias) kontra (175).
Europako araudia bete asmoz, Espainiako Gobernuak otsailaren 24an onartu zuen karga sektorea liberalizatzeko erreforma. Liberalizazioak Estatuko portutan lan egiten duten 6.150 zamaketariengan du eragina. Hilabeteak daramatzate zamaketariek erreformaren kontrako protestan, eta patronalaren eta sindikatuen arteko hainbat negoziazio egon badira ere, guztiek porrot egin dute.
Hain justu, horixe eskatu diote talde gehienek Espainiako Gobernuari, dekretua bi aldeen arteko akordio lortu ondoren onartzea, alegia. Halakorik ez da gertatu, eta oposizioaren gehiengoak erreformaren kontra egin du.
Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroak ohartarazi duenez, Kongresuak dekretuari oniritzia eman ez badio ere, Europar Batasunak ez du Espainia bigarrenez zigortuko. Halaber, dekretuaren aurka bozkatu duten alderdi politikoen "erantzukizun falta" deitoratu du.
De la Sernaren esanetan, Espainiako Gobernuak "egin behar zuena egin du" eta "kontzientzia garbi" du. Ministroak azpimarratu duenez, Europaren epai batek araua aldatzera behartu du Gobernua eta Kongresua ere behartuta dago. "Espainiarrentzat diru asko dago eta espainiar guztion artean ordainduko dugu", berretsi du.
EAJren botoa
EAJk azalpen hau eman du aldeko botoa ematerakoan: "erreformak langileen eskubideak bermatzeaz gain portuen lehiakortasunari mesede egiten dio".
"Zalantzan jartzen dugu etorkizuneko akordioak gaur Gobernuak egindako eskaintza gaindituko duena", azpimarratu du Iñigo Barandiaran EAJko diputatuak. Bestalde, Aitor Esteban diputatu jeltzaleak EAEko eta Espainiako Aurrekontuen negoziazioak bereizi ditu.
Zamaketariek greba bertan behera utzi dute
Kongresuak zamaketaren sektorea liberalizatzeko dekretua atzera bota ostean, zamaketarien sindikatuek bertan behera utzi dute bihar hastekoa zen lanuztea. Antolin Goya Cetm-eko koordinatzaile nagusiak eskerrak eman dizkie dekretuaren kontra bozkatu duten alderdiei eta baita abstentziora jo duen Ciudadanos alderdiari ere. Azaldu duenez, negoziazioa "normaltasun osoz" egin ahal izateko utzi dute bertan behera deialdia.