Ekonomia -
Arrantza Kuotak
Antxoaren kuota behin betiko handitu du Europar Batasunak
Zientifikoen ikerketek arrantzategiaren egoera ona frogatu ondoren, Ministroen Kontseiluak azken oniritzia eman dio hil honen hasieran proposatutako harrapaketen gehitzeari.
Erredakzioa
EBko Kanpo Arazoetako ministroek Bizkaiko Golkoko antxoaren arrantza kuota behin betiko onartu dute. Ondorioz, Harrapaketen Onargarri Totala (TAC) 15.600 tonatan izango da hil honen eta 2011ko ekainaren artean.
Kuota honen %90, 14.040 tona, Espainiari dagozkio eta gainontzekoa, 1.560 tona, Frantziari. Dena den, flota bakoitzari emandako kopuru zehatza aldatu egin daiteke sektoreak adosten dituen akordioen arabera.
Urtarrilean, EBk Kantauriko antxoaren arrantzategia berriro ireki zuen lau urte t''erdiko debekuaren ostean. Orduan, 7.000 tonako TACa ezarri zuen (5.400 Espainiarentzat), baina kuota hori ekainean berrikustea erabaki zuen antxoaren egoerari buruzko txostenek zer esango zuten zain.
Gaur onartutako TACa itsasoan dauden antxoen biomasaren %30 da.
Egutegi berria egongo da
Normalean, arrantza kuotak abendua erabakitzen dira, baina Europako Batzordeak, baliabide honen kudeaketa epe luzera aldatzeko proiektuarekin bat egin eta antxoarentzako egutegi berria proposatu zuen.
Proiektu horrek gaur egun erabakiak hartzeko erabiltzen diren ereduak ordezkatuko ditu. Horren ordez datu zientifikoetan oinarritutako formula matematikoa erabiliko da eta urteko kuota erabakitzeko epea ekainera mugituko dute.
Hala ere, plan horren negoziazioa (Ministro Kontseilua eta Europako Legebiltzarraren artean) trabatuta dago, gutxienez, irailera arte.