Ekonomia -

2017ko kontuak

Estatuko Aurrekontuak babestuko ditu UPNk

Nafarroan inbertsio sorta bat adostu du PPrekin. Cristobal Montoro ministroak Kongresuan aurkeztuko du gaur proiektua.

Kongresura helduko dira gaur aurrekontuak. EFE
Diputatuen Kongresua. EFE
Kongresura helduko dira gaur aurrekontuak. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

UPNk Estatuko Aurrekontu Orokorrak babestuko ditu, PPrekin akordioa erdietsita. PPrekin Nafarroa "lehiakorrago" egiteko inbertsio sorta adostu du, hala nola, AHTaren lanak lizitatzea edota Nafarroako Ubidea handitzea.

Akordioa asteon sinatuko dute Mariano Rajoy PPko presidenteak eta Javier Esparza UPNko presidenteak.

Aldeko botoen truke, Espainiako Gobernuak AHTaren Alesbes-Azkoien eta Azkoien-Erriberri zatiak egiteko lanak lizitatzeko konpromisoa hartu du. Horrez gain, Zaragoza-Castejon tartean "abiadura handiko trenak ibiltzeko aukera ote dagoen" aztertuko du Gobernu Zentralak, eta Nafarroako Ubidea handitzeko lanak egingo dituela hitzeman du.

Akordioaren berri eman ostean, Nafarroako Gobernuari dei egin dio Esparzak: "Espero dezagun Nafarroako Gobernuak aukera hau, nafar guztientzat aukera den hau, baliatzea. Utz ditzagun bazterrean alderdien interesak eta jarrera historikoak, eta pentsa dezagun jendearengan".

Aurrekontuak, Kongresuan

Cristobal Montoro Espainiako Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroak Kongresuan aurkeztuko ditu 2017ko Estatuko Aurrekontuak. Oraingoz, Ciudadanos, UPN, Foro Asturias eta Coalicion Canaria alderdien babesa du PPren Gobernuak, eta ikusteko dago EAJren aldeko botoa ere lortzen duen.

Montorok Ana Pastor Kongresuko presidenteari emango dio aurrekontuen proiektua, eta aurreikusitako diru partidak xehatuko ditu. Ministroaren hitzetan, aurrekontuek "zerga bidez bilketa historikoa aurreikusi, langabezia tasa hobetu eta autonomien finantzaketa igoko dute".

Besteak beste, gizarte gastura, pentsioetara, langabeziara eta prestakuntzara bideratuko diren kopuruak zeintzuk diren azalduko du Montorok.

Oposizioaren gehiengoak (hala nola, PSOE, Unidos Podemos-En Comu Podem-En Marea eta PDeCAT) osoko zuzenketak aurkeztuko dituela iragarri du.

EAJ, zain

Estatuko Aurrekontuen proiektua esku artean izateko zain dira, bien bitartean, jeltzaleak. Orain arteko harremanetan egindako eskaerak proiektuan jasota dauden ikusi nahi du EAJk, "xehetasunak sakon aztertuta".

Halaber, bozketa egunera arte —maiatzaren 22tik 25erak asterako aurreikusi dute eztabaida— negoziatzen jarraituko duela azpimarratu du Euzko Alderdi Jeltzaleak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PP UPN Albisteak Nafarroa Espainiako Gobernua argazkiak